Bosgarren edizioa zuen igandean ospatzekoa zen Santa Luziako erronka bertikalak. Kilometro bateko desnibela du Ugarteko plazatik Ermualdeko zelaietara osatu beharreko ibilbideak. Urterik urte, ospe handia hartu du probak, baina osasun larrialdi egoera medio, bertan behera utzi behar izan dute antolatzaileek.
"Egoera arriskutsu bihurtzen hasi delako utzi dugu bertan behera Santa Luziako erronka bertikala. Maiatzean eramango dugu ohiko datara proba"
Peli Ortiz de Zarate aritzen da antolakuntza taldean, beste askoren artean. "Azkenean, bertan behera uztea erabaki dugu Ermualdeko igoera", adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari, "egoera arriskutsua bihurtzen hasi zen".
Dena den, ez dute ekimena alboratu, eta datorren urtean antolatzeko asmoari eutsi diote: "Maiatzean eramango dugu proba ohiko datara". Hain zuzen, Santa Luzia edo Ermualdeko jaien testuinguruan kokatuko dute hitzordu berria.
Pello Morenok eta Zenaide Alvarezek irabazi zuten azkenekoz lasterketa, 2019an. 2018an ere maiatzean jokatu zen proba:
Peña Altzarratek antolatzen du lasterketa, baina Ermualdekoa ez da taldearen ekimen bakarra. Izan ere, urtero, Altzarrate Sariak banatzen dituzte, herriko kirolarien lana aitortu eta goraipatzeko asmoz. Abenduaren 18an izango da aurtengo ekitaldia.