Laudioko hiltegi publikoak ateak itxi izana berri ontzat jo du NOR talde antiespezistak

Aimar Gutierrez Bidarte 2021ko abe. 12a, 08:00

Maialen Sagues NOR talde antiespezistako bozeramailea Laudioko hiltegiaren aurrean. / NOR

NOR antiespezista taldeak begi onez ikusi du Laudioko Udal Gobernuak hiltegia ixteko hartutako erabakia. Halaber, zerbitzuaren berrezartzea aldarrikatzeko plataforma herritar bat sortu izana kritikatu du.

NOR talde antiespezistak positiboki baloratu du EAJ eta PSE taldeek osatutako Udal Gobernuak Laudioko hiltegia ixteko hartutako erabakia. Horrela adierazi du taldeak sare sozialetan zabaldutako ohar baten bidez. "Antiespezistak gara, eta animalien askapena dugu helburu. Guztiena. Eta horregatik dugu garbi hiltegirik gabeko etorkizuna dugula zain. Hori lortzeko ari gara lanean, irabazteko dugun gizarte ereduan zapalkuntzak ez duelako tokirik, inor ez delako inoren jabe", adierazi dute NOR talde antiespezistako kideek.

Desadostasunak plataforma herritarrarekin

Halaber, "etsigarritzat" jo dute eskualdeko baserritarrek, harakinek eta kontsumitzaileek hiltegiaren irekiera eskatzeko eratutako plataformaren sorrera. Talde antiespezista ez dator bat azpiegituraren berrezartzearekin, eta "animaliak hiltzeko esplotazio zentrotzat" jo du Laudioko hiltegia.

Eragile antiespezistaren ustez, "gizakiaz besteko animalien eskubideak bazterrean uzten dituen gizarte eredu baten barruan" ari dira defendatzen euren interesak eskualdeko abeltzainak; "kapitalismoak sustatzen dituen azpiegitura industrialak bazterrean utzi nahi dituzte, eredu ustez iraunkorrago baten alde".

Bide horretan, "Hiltegia Ez Itxi" plataformak kapitalismoari aurre egiteko beharra erdigunean jarri izanarekin bat datozela azaldu dute talde antiespezistako kideek, ez ordea animaliak hiltzea oinarri duen eredu batekin: "Antiespezistak gara, eta animalien askapena dugu helburu. Guztiona. Gizakiona eta gizakiz bertzekoena. Zapalkuntza ororen aurka ari garelako lanean, eta bidean, emantzipazio borroka guztien arteko elkarlana dugulako amets".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide