Hitzaldia eskaini zuen Boniface Ofogok atzo (igandea) Laudioko erabilera anitzeko udal aretoan. CEAR-ek, Laudioko Udalak, Foru Aldundiak eta Laudioko zurrumurruen aurkako agenteek antolatu zuten solasaldia. Zurrumurru arrazistak izan ziren, hain zuzen, ekimenaren ardatza. Mota horretako uste faltsuei nola aurre egin azaldu zuen ipuin kontalariak, kasu praktikoak adibide moduan jarrita. Horrez gain, bi ipuin ere plazaratu zituen kontalariak.
Urteak daramatza Boniface Ofogo Nkama kamerundarrak Laudion bizitzen, eta aurten plazaratu du Kandinga Lehoia ipuina euskaraz, Pamiela argitaletxearekin. Hitzaldi eta ipuin-kontaketak eskaintzea du ogibide, eta eskualdean ere hainbat saio eman ditu.