Jon Patiñok, Benjamin Santosek, Txani Rodriguezek, Josu Hernandezek eta Solastiar elkarteak jaso dituzte Altzarrate Sariak

Txabi Alvarado Bañares 2021ko abe. 20a, 07:00

Jendez bete zen Lamuza parkeko Kasinoa ekitaldiak iraun zuen bitartean. Dantza eta umore ikuskizun laburrekin tartekatu zuten sari banaketa. 

Larunbat gauean egin zuten Altzarrate Sariak banatzeko ekitaldia, Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Ordu eta erdi inguru iraun zuen galak, sari banaketaz gain, dantza eta umoreaz gozatzeko aukera ere egon baitzen, Laudioko Wellness Klubeko eta Oihalak Zabaltzen antzerki taldeko kideen eskutik. 

Bost sari banatu zituzten guztira. C.D. Laudioko aitortza Jon Patiño futbol jokalariak jaso zuen. Ibilbideari saria, aldiz, Benjamin Santos entrenatzailearentzat izan zen, Laudioko Saskibaloi Klubean 1980. hamarkadatik eginiko lanagatik. 

Kulturaren alorrean Txani Rodriguezek jaso zuen aitortza, orain arte eginiko literatura-ibilbide guztiagatik. Idazle laudioarrak nabarmendu zuen herrian jasotzen diren sariak direla goxoenak. “Hainbat faktore medio, bakarrik etorri naiz ekitaldira, baina ez nago bakarrik, nire bizilagunekin bainago”. 

Urteko kirolariaren saria eman zuten jarraian. Antolatzaileek aitortu zuten zaila suertatzen zaiela sari hau nori eman erabakitzea, baina aurten ez dute eztabaida askorik izan, Josu Hernandezi eman baitiote, Munduko Txapelketa irabazi baitu aurten Classic Bodybuilding kategorian. 

Solastiar elkarteari aitortza

Azken saria ez zioten norbanako bati eman, herriaren aldeko lana egin duen eragile bati baizik. Kasu honetan ere, antolatzaileek hasieratik zuten argi saria Solastiar elkarteari emango ziotela. Taldeko presidentea igo zen oholtzara aitortza jasotzera, Ander Añibarro alkatearen eskutik. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide