Larunbat gauean egin zuten Altzarrate Sariak banatzeko ekitaldia, Laudioko Lamuza parkeko Kasinoan. Ordu eta erdi inguru iraun zuen galak, sari banaketaz gain, dantza eta umoreaz gozatzeko aukera ere egon baitzen, Laudioko Wellness Klubeko eta Oihalak Zabaltzen antzerki taldeko kideen eskutik.
Bost sari banatu zituzten guztira. C.D. Laudioko aitortza Jon Patiño futbol jokalariak jaso zuen. Ibilbideari saria, aldiz, Benjamin Santos entrenatzailearentzat izan zen, Laudioko Saskibaloi Klubean 1980. hamarkadatik eginiko lanagatik.
Kulturaren alorrean Txani Rodriguezek jaso zuen aitortza, orain arte eginiko literatura-ibilbide guztiagatik. Idazle laudioarrak nabarmendu zuen herrian jasotzen diren sariak direla goxoenak. “Hainbat faktore medio, bakarrik etorri naiz ekitaldira, baina ez nago bakarrik, nire bizilagunekin bainago”.
Urteko kirolariaren saria eman zuten jarraian. Antolatzaileek aitortu zuten zaila suertatzen zaiela sari hau nori eman erabakitzea, baina aurten ez dute eztabaida askorik izan, Josu Hernandezi eman baitiote, Munduko Txapelketa irabazi baitu aurten Classic Bodybuilding kategorian.
Solastiar elkarteari aitortza
Azken saria ez zioten norbanako bati eman, herriaren aldeko lana egin duen eragile bati baizik. Kasu honetan ere, antolatzaileek hasieratik zuten argi saria Solastiar elkarteari emango ziotela. Taldeko presidentea igo zen oholtzara aitortza jasotzera, Ander Añibarro alkatearen eskutik.