Galiziako Cesuras herrian jaio zen Pepe Rodriguez Sanchez 1946. urtean. Garai hartan, herriko ume guztiek hitz egiten zuten galizieraz. Hala oroitu zuen Rodriguezek berak Aiaraldea Komunikabidearekin duela zenbait urte eginiko elkarrizketa batean: “Irakaslea izan ezik denok mintzatzen ginen galizieraz. Herrixka bateko eskola zen eta hori zen hitz egiten zen hizkuntza. Nik ez nuen inoiz inor gazteleraz egiten ikusi, eskolara iritsi arte”.
Bere hitzetan, galiziera “behe-mailako hizkuntza” kontsideratua zegoen. “Askok diote jo egiten zietela galizieraz hitz egiteagatik, niri ez zitzaidan inoiz halakorik gertatu. Baina beste edozein hizkuntza bezalakoa da: baditu bere aditzak, bere gramatika...”.
Zazpi urte zituenean utzi zuen bere herria Rodriguezek Euskal Herrira etortzeko, beharrak sortutako inmigrazio olatuen eraginez. Gaztelera ikusi zuen orduan, “hilabete baten bueltan”. Eta galiziera ahaztu.
Baina handik hogei urtera berreskuratu zuen bere jatorrizko hizkuntza: “Gogoak sartu zitzaizkidan eta galdetu nion nire buruari...baina nolatan ahaztu zait galiziera?. Eta berreskuratu egin nuen”.
Esan eta egin. Laudion eman dituen hamarkada guztietan zehar, Rodriguezek ez ditu bere galiziar sentimendua eta hizkuntzarekiko kontzientzia galdu. “Lan egiten dudan tabernako bezero galiziar batzuei galizieraz zuzentzen natzaie orain, eta batzuei kosta egiten zaie erantzutea”, azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari elkarrizketan, eta hizkuntza gutxituen aldeko aldarri argia zabaldu zuen: “Galiziar batentzat garrantzitsuenak bere hizkuntza beharko luke izan. Galiziera galiziera da, katalana katalana, eta euskara euskara. Ez da beste edozein hizkuntza baino hobea edo txarragoa: gurea da”.