Laudioko ondarea ezagutzera emateko panela inauguratu dute gaur Laudio BHIko ikasleek. Laudioko Udaleko ordezkariak eta komunikabideetako kideak ere bertaratu dira Lamuza plazan eginiko ekitaldira.
Eramus+ programaren barruan garatu dute ekimena, Europako beste hainbat ikastetxerekin batera. “Polonia, Grezia eta Portugaleko ikasleek ere antzeko panelak atondu dituzte euren udalerrietan. Oso koordinazio ona egon da guztion partetik”, azaldu du Udiarraga Abrisketa irakasleak.
Laudioko ondarea ezagutzera emateko panela inauguratu dute gaur Laudio BHIko ikasleek. Udiarraga Abrisketa irakasleak eman ditu proiektuaren gaineko xehetasunak pic.twitter.com/26zK3r9yET
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) January 18, 2022
15 QR kode dituen mapa bat atondu dute 30-35 ikasleren artean. “Kode bakoitzak Laudioko zonalde bati buruzko informaziora darama”, azaldu du Abrisketak, “ikasleak eurak arduratu dira zer toki jarri eta edukia zehazteaz, irakasleok koordinazio lanak egin eta laguntza ematera mugatu gara”. Hezitzaileak zehaztu duenez, udalerriko hainbat auzotako informazioa txertatu dute mapan, “ikasleen artean herriko zonalde ezberdinetako jendea dagoelako”.
Udalaren eta Europar Batasunaren laguntza jaso du institutuak ekimena egiteko. Sergio Escribano arkeologoa ere izan dute bidelagun. “Institutura etorri zen ikasleei Ermualdeko aurkikuntzei buruzko klase bat ematera, ingelesez”. Horrez gain, gida lanak egin zituen Europako gainontzeko zentroetako irakasleek Ermualde bisitatu zutenean.
Ikasleek, aldiz, ez zuten herria bisitatzerik izan, pandemiaren ondorioz. “Horren ordez, hainbat saio telematiko egin genituen. Herrialde bakoitzeko ikasleek euren herrietako kaleak grabatu zituzten, konfinamendua nola bizitzen ari ziren erakusteko”.
Proiektu berria
Panela inauguratuta, Erasmus+ programaren edizio berri bati ekingo diote Laudio BHIn. “Finatziazioa lortu dugu beste proiektu bat garatzeko, inklusibitatea, ingurugiroa eta teknologia berriak hizpide izango dituena”, aurreratu du Abrisketak, “egitasmo berri horren azken emaitza ortu bat izango da, institutuan jarriko duguna”. 60 ikaslek hartuko dute parte ekimen berri horretan, DBH 2, 3 eta 4. mailetakoak. Oraingoan, Greziako, Lituaniako eta Italiako ikasleak izango dituzte bidelagun.