Robert Bloch saria jaso du Iosu Vakerizzo laudioarrak Weyauwega hiri estatubatuarrean egiten den 'Psychofest' jaialdian. Zinemagileak Bizitza XXI. mendean metraje ertaineko pelikula aurkeztu zuen eta Psicosis eleberriaren egilea omentzen duen aitorpena lortu du. Izan ere, Bloch hainbat urtez bizi izan zen udalerri horretan.
Estatu Batuetan filmaren ibilbidea luzeagoa da. Izan ere, Mojaven egindako Wasteland Film Festival-eko finalean aritu zen Vakerizzoren lana. Oro har, ekoizpen post-apokaliptikoak jorratzen dituzte han.
Aste honetan, bestalde, Los Angeleseko Film Maudit jaialdian erakutsiko dute bere pelikula. Hain zuzen, egitasmo horretan ez ohiko filmak jorratzen dituzte, tabuak tratatzen dituztenak edo harridura sortzeko gai direnak.
Otsailean, ordea, Pariseko Sans Raison jaialdiaren txanda helduko da, Italiako Omovies-en egon ostean. Urte amaieran Valentziako Indie Film Festivalek ere proiektatuko du pelikula.
Body-horror generoa
Iosu Vakerizzoren metraje ertaineko filmak -42 minutu irauten du- gai bitxiak nahasten ditu, eta esperimentala da. Hala ere, Japoniako eta Txekiako body-horror generoaren eragina dauka eta, besteak beste, sexu langile baten egoera jasotzen du, zeinari tentakulua ateratzen hasten zaion bularrean.
Norvegian grabatuta dago eta hango zein Ingalaterrako antzezleak agertzen dira. Ingelesez ekoiztu dute, baina baditu euskarazko azpititutuluak.