'Antzerkia eta txokolatea' dinamikaren baitan Agur eta dolore antzezlana ikusteko parada egon da gaur Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Miren Gaztañagak eta Iraia Eliasek gorpuzten dute obra, Amancay Gaztañagaren kanpo begirada lagun. Umoretik, baina zorrotz heldu diote emakumeek sentitutako karga zein deskarga orori arte eszena bidez.
Pabellon 6 aretoko sari bat jasota sortu zuten pieza bi aktoreek duela 3-4 urte. Lanak emakumeen ikusezintasuna eta ahalduntzea ditu ardatz, euskal kulturan "nor" izateko zerbait epikoa egin beharra. Maskarak lagun, lau pertsonaia oholtzaratzen dituzte 20 minutuko antzezlanean, nor baino nor piztiago eta askeago. Gaztañagak eta Eliasek sortu zuten obra, eta zuzendari gisa Amancay Gaztañagari eskatu zioten "kanpo begirada".
Nerea Iglesias antzerkigile laudioarrak gidatu du ikuskizunaren osteko solasaldia, ikusle zein protagonistek txokolate beroa eskutan zutela. Obraren sorkuntza prozesuaz eta antzerkigintzaren egoeraz mintzatu dira, batetik. Bestetik, esku artean zein elkarrekin dituzten proiektuetaz ere aritu dira, orainaz zein etorkizunaz. Batik bat, antzerkigintzako kolektiboetan pilatutako babesa eta "zuzendaritza horizontalaren" garrantzia izan dituzte hizpide, elkar zaintzaren beharra azpimarratuta.
Publikoaren galderak, inpresioak eta gogoetak partekatuta eman diote amaiera saioari, Faktoriako Kultur Sorkuntza ildoak antolatutako zikloari esker, antzerki eta txokolatez lagundutako arratsalde goxo eta beroan.