Anbulatorio berriaren aurreproiektua hemendik bi hilabetera izatea espero du udalak

Txabi Alvarado Bañares 2022ko ots. 1a, 06:30

Iazko ekainean aurkeztu zuen Osasun Sailak anbulatorio berriaren proiektua. / Aiaraldea.eus

Latiorroko lursailak Osasun Sailari lagatzeko hitzarmena onartu zen atzo Udal Osoko Bilkuran. EH Bilduk eta Omniak aurka bozkatu zuten. 

Laudioko anbulategi berriaren proiektua hemendik “hilabete bat edo bira” jasotzea espero du udalak. Hala aurreratu zuen Ander Añibarro alkateak atzoko Udal Osoko Bilkuran. Latiorron eraikiko da azpiegitura, eta atzoko plenoan onartu zen eraikinaren kokalekuko lursailak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari lagatzeko hitzarmena. 

EAJk eta PSE-EEk bozkatu zuten proposamenaren alde. Oposizioko taldeak, ordea, aurka lerratu ziren. Omniaren ustez, “Eusko Jaurlaritzaren inposaketa” izan da osasun zentroaren proiektua, “inolako eztabaidarik gabe ezarri baita”. Alderdi laudioarraren iritziz, proiektu honekin “aukera bat galdu” da. “Eskualdeko anbulatorio bat izatea oso interesgarria izango litzateke, baina orain mahai gainean dagoen proiektuak ez luke etorkizunean hori egitea ahalbidetuko”, nabarmendu zuen Alvaro Barrios zinegotziak. 

Antzeko iritzia plazaratu zuen EH Bilduk udalbatzan. Talde politikoari ez zaizkio egokiak iruditu anbulatorio berriaren aferan egondako “moduak eta erabakiak”. Aldebakarreko iritziak iritzi teknikoz mozorrotu direla salatu du koalizioak. “Proiektuaren aurkezpen mediatikoaren ostean egin zen lehenbiziko batzar informatiboa”, azpimarratu zuen Esti Gorostiaga zinegotziak, eta gaineratu zuen informazioa falta zela: “Aurkeztutako dokumentazioan 4. eranskin bati egiten zaio erreferentzia. Anbulatorioak eskainiko dituen zerbitzuei buruzkoa da eranskin hori, baina ez da inondik ageri”.  

Anbulatorioaren proiektua inolako eztabaidarik gabe ezarri dela salatu dute oposizioko taldeek

Aurreko guztia kontuan hartuta, horrelako proiektu estrategiko batean eztabaida publikoa bermatu beharko litzatekeela aldarrikatu zuten oposizioko bi taldeek. 

Ander Añibarroren erantzuna

Ander Añibarrok erantzun zien oposizioko taldeei. Alkatearen esanetan, ez da inolako inposaketarik egon proiektuan. “OSI Galdakao barrutiarekin elkarlanean aritu gara uneoro, Laudiorentzat zein eskualdearentzat horren beharrezkoa den azpiegitura hau eraiki ahal izateko”. 

Ildo berean, erabakia "argudio teknikoekin mozorrotu izana" ukatu zuen gobernuburuak. “Argi hitz eginda beti. Kokaleku bat erabaki zen, eta batzar informatiboan eman ziren horri buruzko azalpen guztiak”. Añibarroren arabera, lursail publikoaren eskuragarritasuna edota beste kokaleku batzuek duten uholde-arriskua kontuan hartuta hautatu zen Latiorro osasun-azpiegitura berria kokatzeko.  

Hala ere, Añibarrok aitortu zuen ez zuela proiektuaren gaineko informazio gehiagorik. “Aurreproiektu txiki bat ikusteko aukera izan dugu, hirigintzari lotutako hainbat afera tekniko bideratzen hasteko. Aurreproiektua iristen zaigunean dagokion batzordera eramango dugu, eta ez diegu talde politikoekin soilik aurkeztuko, herritarrei ere erakutsiko diegu”. 

Plenoaren gainontzeko puntuak

Anbulatorioarena izan zen atzoko plenoan eztabaida gehien eragin zuen puntua. Gainontzeko gaietan adostasuna izan zen nagusi. Gardetasunerako eta Parte hartzerako Araudi berria onartu zen, besteak beste. EAJ, PSE-EE eta EH Bilduk bozkatu zuten horren alde. Omnia abstenitu egin zen bozketan, baina ez araudiarekin ados ez zegoelako, “etorkizunean urrunago joan” nahiko lukeelako baizik. 

Hemen ikusi daiteke Udal Osoko Bilkura osorik:

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide