Gaur 13:15ean agerraldia egin dute Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburuak eta Ander Añibarro Laudioko alkateak udalerrian kokatuko duten anbulatorio berriari buruz aritzeko.
Latiorro auzuneko Goikogane eta San Martin kaleen artean egongo da azpiegitura eta 6.000 metro karratu inguruko zabalera izango du. Hau da, egungoa hirukoiztuko du eta, ondorioz, hainbat solairu izango ditu.
Erakundeen asmoa da 2024an arreta eskaintzea bertan. Gotzone Sagarduik ziurtatu du zerbitzu berriak egongo direla: "Etxeko ospitalizazioa, eta erradiologia zerbitzu osatuagoak, esaterako".
Horrez gain, buru osasunari lotutako guztia ere han egongo da. "Lehen arreta zerbitzuan integratu beharra dago", argitu du sailburuak.
Bestelako kontsultak indartuko direla ere aipatu du Sagarduik, baina Aiaraldea Hedabideak horri buruz galdetu dion arren, ez du zehaztu ginekologia horien artean egongo den.
Kokapena eta aparkalekua
Ander Añibarro alkateak adierazi du Laudioko Udalak bi lursail lagako dizkiola Eusko Jaurlaritzari, eskualdeko anbulatorio berria eraiki dezan. Kokapenari dagokionez, alkateak nabarmendu du Laudion ez zegoela toki gehiagorik obra gauzatzeko: "Are gehiago, hirigintzako Plan Berezian aldaketa txikia egin beharko dugu hori ahalbidetzeko".
Alkateak azaldu du San Martin eta Goikogane kaleetan dagoen parkea ez dela murriztuko eta aparkalekuei dagokienez, gogoratu du eremua zona berdea dela eta, ondorioz, ezin dela horrelako azpiegiturarik eraiki.
Añibarrok defendatu du albiste oso ona dela udalerriarentzat eraikin berria izatearena.
Zenbait zalantza airean
Galdera txanda amaitutzat jo dute Eusko Jaurlaritzako arduradunek tokiko hedabideek euren galdera guztiak egin baino lehen. Hortaz, Osasun Sailburuak ez du argitu, aurreratu den moduan, Laudioko txertaketa puntua udan desagertuko den.