Kontzertu berezia eskainiko du Bi Hotsak abesbatzak datorren martxoaren 26an, Emakumeen Nazioarteko Egunaren testuinguruan. Koru elkarteak bideoa plazaratu berri du, bere jarduna jendarteratu eta balizko emanaldiak lotzeko.
2018. urtean sortu zen taldea Laudion, Beatriz Zurimendi zuzendariaren ekimenez, helburu nagusi batekin: “Koru-kultura Laudioko gizon eta emakumeei eta eskualdeko herriei hurbiltzea”. Gaur egun 37 kide daude abesbatzan. Koru-kantua jorratzen dute, baina gauza bat dute bereziki gogoko: pop-rock kanta ezagunak abesbatza eredura moldatzea.
Ildo horri jarraiki, hainbat ikuskizun eskaini dituzte azken hilabeteetan. Arimen gauean girotutako ikuskizuna egin zuten udazkenean Laudioko Kasinoan, udalak antolatutako ‘Udazken musikatuak’ ekimenaren barruan. Abenduan, aldiz, Amurrio Antzokira mugitu ziren, Gabonetako Kontzertua eskaintzeko.