Elkarretaratze zaratatsua egin dute gaur arratsaldean Ibarrako Madres Mercedarias egoitzako langileek Laudioko Herriko Plazan. Bost eguneko grebaren laugarrena zuten gaurkoa egoitzako langileek zentroko kudeatzailea den Aliados Fundazioak ezarritako "murrizketa larriei" aurre egiteko. Murrizketa horiek lan-baldintzen okertzea eragin dute: lanaldia handitu, jaiegun gehiagotan lan egitea ezarri eta KPIaren igoera itundua ezabatu da.
Bizkaiko Foru Aldundiari interpelatu diote zuzenean. Izan ere, Foru Erakundea da Ibarrako zerbitzu publikoaren titularra eta, hitzarmen bidez, Madres Mercedarias kongregazio erlijiosoaren eta Aliados Fundazioaren esku utzi du honen kudeaketa.
Horregatik, Sergio Murillo Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Ekintzako diputatua jo dute langileek bizi duten egoeraren erantzule nagusitzat. Bilboko elkarretaratzean bilera eskatu zuten Foru Diputatuarekin, egoera bideratzeko asmoz: “Onartezina da gatazka konpontzeko erantzukizuna bere gain ez hartzea”.
Otsailak 11, Ibarrara
LAB eta ESK sindikatuek deituta, ostiral honetan dute Madres Mercedarias egoitzako langileek azken greba eguna, eta Ibarrara bertaratzeko deia luzatu diete eskualdeko herritar guztiei, 'SOS Aiaraldea' lemapean, bertako beharginei elkartasuna adierazteko.
Ostiral honetan @SOSmercedarias langileek 5. greba eguna beteko dute eta deialdi berezia egin dute Ibarrako egoitzara joateko.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) February 7, 2022
Protesta 14:00tatik 16:00ak arte izango da.
Aiaraldea defendatzen jarraituko dugu, erakutsi dezagun beste behin ere#SOSAiaraldea#EzGaraMakurtuko pic.twitter.com/JD0x1cYOHJ
14:00etan hasiko dute grebaren azken elkarretaratzea, eta 16:00ak arte egongo dira egoitzaren aurrean elkartuta. Gero, kotxe karabana egingo dute Orozkora, eta Zuibaiur plazatik manifestazio bateratua egingo dute Ibarrako egoitzako langileek eta Artiach gaileta fabrikako beharginek,16:30ean.
Mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Era berean, gogor kritikatu dituzte Eusko Jaurlaritzak ezarritako zerbitzu minimoak: “Eusko Jaurlaritzari exijitzen diogu ez dezala debekatu langileok dugun grebarako eskubidea, gutxieneko zerbitzu gehiegizkoak ezarriz”.
Argazkiak: Ibarrako egoitzako langileak