FAKTORIAKO EKINTZAK

Indarberrituta dator Faktoriako otsaileko egitaraua

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko ots. 10a, 13:53
Ekintza ugari prestatu dituzte otsailean Faktoriaz gozatzeko. / Aiaraldea.eus

Ikuskizunak, berbaldiak, atelierrak eta eskolak; makina bat ekintza antolatuko dituzte Faktorian otsailean, espazioaz eta proiektuaz gozatzeko.

Otsaila indarberrituta abiatuko dute Faktorian, eta egitarau oparoa antolatu du horretarako. Ikuskizunak, berbaldiak, atelierrak eta eskolak egongo dira pabiloian, adin guztietako herritarrentzat gozagarri.

Ikuskizunak

Gur- otsailak 10- hasiko dute oholtza gaineko egitaraua, eta Gaztelumendi anaiek izango dute horren ardura. Borroka da bidea komikiaren aurkezpen ilustratua eskainiko dute Beñat eta Unai Gaztelumendik, irudia eta bertsoa ustartuz. 19:00etan hasiko da aurkezpena eta sarrera doakoa izango da.

Otsailaren 13an, igandea, Ane Gebara eta Aitor Vinagert ipuin-kontalarien txanda izango da. Eman egurra pinotxo! ikuskizuna eskainiko dute 17:00etan. Sarrerak salgai daude dagoeneko Faktoria.eus atarian. Aiaraldea Komunikabideko kideekin aritu ziren Gebara eta Vinagret solasean ipuin kontalari ofizioaren inguruan:

Zita garrantzitsua izango da otsailaren 19koa, Joseba Sarrionaindika eta Ines Osinagak Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna taularatuko baitute. Duela hamar urte Sarrionandiak Habanan sortutako testuak kantu bilakatu zituen Osinagak. Idazlea Euskal Herrira etorri dela baliatuta, orduan sortutakoak taularatuko dituzte Faktoriako oholtza gainean.

Trakamatraka, birziklatutako materialez sortutako musika ikuskizuna izango da hilabete honetan oholtza gainera igotzen azkena. Otsailaren 27an izango da, 17:00etan, eta musika ulertu eta maitatzeko modu berri bat eskaintzea izango da ikuskizunaren helburua.

Iker Laurobak asteburu honetan eskaini behar zuen kontzertua, ordea, martxoaren 19ra atzeratu dute, osasun arrazoiak direla eta.

Asterokotasunez hainbat jarduera antolatzen dira Faktorian, eta otsailean aurrera jarraituko dute

Bertso afaria Enbeita eta Amurizarekin

Bi hilean behin bezala, bertso afaria egingo dute otsailaren 18an Faktoriako aretoan, Onintza Enbeita eta Miren Amuriza bertsolarien konpainiarekin. Tokiko produktu ekologikoekin osatuko da otordua. Bazkideek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez-bazkideek 18 euro.

Asteroko maiztasunarekin hainbat jarduera antolatzen dira Faktorian, eta otsailean aurrera jarraituko dute: adinekoentzako euskara eskolak, yoga saioak eta zumba eta bertso eskolak.

Kokorikoren jarduerak

Hilabetero bezala, makina bat jarduera antolatu ditu Kokoriko Hezkuntza Faktoriak familientzako, otsailera ere. 

Inauterietarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte Hezkuntza Faktoriako kideek

Otsailaren 20an '0-3 espazio askearen' edizio berri bat egingo dute: haurren mugimendu autonomo eta jolas librerako espazio zaindua. Profesional batek gidatuko du saioa, eta familien elkargune ere izango da espazioa. Otsailaren 19an, aldiz, Kokorikoren Ludotekak zabalduko ditu ateak, 16:30etatik 18:30etara, eta eraikuntza izango dute ardatz egun lainotsuetarako aterpean.

Helduek ere izango dute protagonismoa Kokorikoren egitarauaren barruan; otsailaren 12an dantza ikastaroan parte hartzeko aukera izango dute eta. Dantzaren irakaspenaren ikuspegi sortzailea ezagutzeko aukera izango dute bertan, Leire Amonarriz pedagogo eta koreografoaren laguntzarekin.

Eta inauterietan zer? Data horietarako ere hainbat ekintza antolatu dituzte Hezkuntza Faktoriako kideek. Otsailaren 26an, 18:00etatik aurrera, gazteentzako 'Neon Glow' jaia prestatu dute. 10 eta 16 urte bitarteko gazteentzat bideratutako jarduera izango da, Inauteriak lagun artean gozatzeko espazioa sortuz. Bertan, photocall-a, zozketak, alkoholik gabeko edariak, neon bidezko body-paintinga eta beste hamaika gauza aurkituko dituzte gazteek. Inauteri opor egunetarako, gainera, Inauteri Ludoteka jarriko dute abian: otsailaren 28an eta martxoaren 1ean, 9:00etatik 13:00etara. Bazkideek 25 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez bazkideek 30 euro.

Guzti horretaz gain, atelierrak antolatzen ditu astero Kokorikok Faktorian: Irakurle kluba astelehenetan, zirku tailerra asteartetan, ikus entzunezkoen tailerra ostegunetan, eta sukaldaritza tailerra egunero.

Ekintza gehiago

Otsailaren 25ean Koop 57-k Faktoria bisitatuko du. Izan ere, urteko batzar orokorra egingo du bertan finantza zerbitzu etiko eta solidarioaren kooperatibak.

Ekonomatua astelehenetik ostiralera egongo da zabalik, 11:30etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Larunbatetan ere zabalduko ditu ateak Faktoriako dendak; 10:30etatik 14:00etara. Kantina zerbitzua ere eskuragarri egongo da denbora tarte horietan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide