Otsailaren 13an da Torturaren aurkako Nazioarteko Eguna. Sortuk, ordea, gaur egin du mobilizazioa Laudioko Herriko plazan, 19:00etan, "35 torturatu Laudion. Aitortza. Erreparazioa. Ez errepikatzeko bermeak" lemapean. Tortura testigantza bortitzak izan dituzte hizpide ekitaldian, eskualdean zein Euskal Herrian jazotakoak.
Ia 100 lagunek salatu dituzte torturak Aiaraldean. Paco Etxebarria forentseak gidatutako ikerketaren emaitza da hori, 2017an aurkeztutako azterketa medio. Hain zuzen, 4.113 kasu topatu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Eskualdeari dagokionean, 90 kasu baino gehiago identifikatu zituen Torturaren Aurkako Taldeak.
Egun, ordea, kopurua handiagoa da: 5.657 euskal herritar izan dira pentsaera edo jardun politikoagatik torturatuak. Ekitaldian euskal gatazkaren ondorioak gogorarazteaz gain, aitortza eta erreparazioa eskatu dituzte, "berriro ez gertatzeko bermeekin" batera.