Espazio publikoa arautzeko ordenantzaren zirriborroa plazaratu du Laudioko Udalak. Duela bi aste egin zuen dokumentua aurkezteko bilera irekia. Orain, aldiz, otsailaren 28ra arte ireki du dokumentuaren gaineko ekarpenak egiteko epea.
Oso gai ezberdinak biltzen ditu dokumentuak: terrazen gaineko araudia, kultur jarduerak kalean egiteko eskatu beharreko baimenak edota aparkalekuei lotutako aferak, besteak beste
Orain arte indarrean egon diren araudiak berritu eta bateratzea da ordenantza berriaren helburua, modu “argi, labur eta erraz” batean. Gauzak hala, orain arte hainbat ordenantzetan sakabanatuta egon diren udal-arauak bateratu ditu tokiko erakundeak. Modu horretan, oso gauza ezberdinak biltzen ditu dokumentuak: terrazen gaineko araudia, kultur jarduerak kalean egiteko eskatu beharreko baimenak edota aparkalekuei lotutako aferak, besteak beste.
“Espazio publikoaren erabilera ezegokiak”
“Espazio publikoaren erabilera ezegokiak” ere zehazten ditu ordenantzak. Horien artean dago kaleko-zurruta. Araudiak debekatu egiten du pertsona taldeek espazio publikoetan edariak kontsumitzea, “edari alkoholdunak batez ere”, honako egoera hauetakoren bat ematen denean; “pertsonei nahiz auzokideei eragozpenak sortzen zaizkienean, inguruko lasaitasuna kaltetzen denean edo osasungaiztasun-egoerak sortu daitezkeenean”.
Debeku gehiago ere aurreikusi dituzte araudi zirriborroan, besteak beste:
- Sexu-langileen jarduna: “Prostituzio gisa hartutako ordainpeko sexu-zerbitzuak eskaintzea, eskatzea, negoziatzea eta egikaritzea”.
- “Gogaikarri edo arriskutsuak” izan daitezkeen jokoak: kometak, urrutiko kontroldun hegazkinak edota droneak baliatzea, “jarduera horietarako berariaz prestatutako zonalde eta denbora-tarteetan salbu”.
- Iturri edo urmaeletan bainatzea.
Isunak
Arau-hausteak hiru mailatan banatzen ditu ordenantza zirriborroak. Arau hauste arintzat hartzen ditu goian aipatutako “espazio publikoaren erabilera desegokiak” (beste hainbat konturekin batera), eta 750 euro arteko isunak proposatu dituzte kasu horietan.
Arau-hauste larriak, aldiz, 750-1.500 euroko isunekin zigortzea planteatu dute araudi zirriborroan. Terrazei ezarritako baimenak urratzea edota publizitatea duten mahai, aulki edota eguzkitakoak jartzea sartzen da atal honetan, beste batzuen artean.
Arau-hauste oso larrien gaineko zigorrak, ordea, 3.000 eurotara iritsi daitezke. Espazio publikoa udal baimenik gabe okupatzea edota dokumentazio faltsu edo manipulatua aurkeztea barne hartzen ditu atal honek, besteak beste.
Kalean lo egitea debekatuta?
Kalean “egunez zein gauez” lo egitea ere "espazio publikoaren erabilera desegokitzat" hartzen du ordenantzak. Horren aurrean, honako galdera planteatu daiteke: 750 euro arteko isunak ezarriko zaizkie kalean lo egiten duten pertsonei?
Aiaraldea Komunikabideak hori galdetu dio udalari, eta honek erantzun dio ezetz. "Egia da oso interpretazio zorrotza egin daitekeela zentzu horretan, baina ez du zuzenean esaten”, azaldu du tokiko erakundeak, “hori ez da, noski, ordenantzaren sentimendua edo filosofia, eta, beraz, ñabardurak egingo dira horrelako interpretazioak sor ez daitezen”.
Udalak Aiaraldea komunikabideari azaldu dionez, “inguruko udalerri batzuetako ordenantzak” erabili dituzte oinarri moduan Laudiokoaren zirriborroa osatzeko. Dena dela, tokiko erakundeak nabarmendu du orain mahai gainean dagoena “zirriborro bat” baino ez dela. “Udalak araudiko edukia azalduko du behin herritarren eta udal taldeen ekarpenak jasota. Plenora aurkeztuko dugun dokumentua nabarmen aldatuko da”.
Terrazen araudia
Bestalde, terrazen gaineko arauak ere zehazten ditu dokumentuak. Oro har, terrazen luzera establezimenduaren fatxadaren araberakoa izan behar dela aipatzen da, eta espresuki debekatzen du zorura ainguratutako elementuak instalatzea.
Ekarpenak egiteko tartea
Arestian esan bezala, otsailaren 28ra arte egongo da dokumentuaren gaineko ekarpenak egiteko tartea. Udalaren webgunearen bidez bidali daitezke ordenantzaren gaineko iritziak.