Iragan astean Laudioko Udaleko gobernu-taldeak Udal Hiltegiaren instalazioak eskaini zizkion Gazte Asanbladari, Lamuza Parkean kokatuta dagoen Gaztetxea husteko helburuarekin.
Eskaintzak hautsak harrotu ditu. Gazte Asanbladako kideek adierazi zuten hiltegiaren aukerak ezin duela hiltegiaren itxieraren kontrako plataformaren borroka prozesua oztopatu. Gaur, ordea, Hiltegia ez itxi plataformako kideak izan dira oharra plazaratu dutenak, udalaren proposamena kritikatuz.
Laudioko Udalaren asmoak lehen sektoreari egindako "mespretxuen" beste adibide bat baino ez direla adierazi du Aiaraldeko abeltzain eta harakinen taldeak. Hartara, "ulergaitza" deritzote gatazkari irtenbidea bilatzeko ahaleginik ez egitea, eta "konponbidearen gurpilean makilak jartzea".
Hiltegia ez itxi plataformak nabarmendu du ez diola inoiz uko egingo Laudioko Udal Hiltegia berriro zabaltzeari, eta Aiaraldean abereak sakrifikatzeko zerbitzua berreskuratzeko lanean jarraitzen dutela: "eskualdean lehen sektoreak lan-baldintza duinak eta iraungarritasuna izan ditzan eta herritarrek elikadura osasuntsua, elikagarria, eskuragarria eta lokala izan dezaten bermatzeko".
Azkenik, Gazte Asanbladako kideek erakutsitako "heldutasun politikoa" eskertu nahi izan dute plataformatik.