17:30etik aurrera deitu ditu Laudioko Mugimendu Feministak mobilizazioak Herriko plazan. Dinamikari heltzeko, txokolate jana egin dute lehenbizi. Ildo beretik, material salmenta postua jarri dute elkartasun poltsak saltzeko, Laudioko Udalak 4 kideri jarritako 3.000 euroko isunaren aurrean babes ekonomikoa eta soziala pilatzeko helburuarekin.
Etawasol elkarteko emakume sahararrek ahizpa borrokalariak izan dituzte gogoan perfomance baten bidez. Emakume elkarteek deituriko elkarretaratzearen ondotik, dantza ekimena baliatu dute aldarri feministak zabaltzeko. Ehunka herritarrek hartu dute parte ekintzan, ahalik eta 19:30ean manifestazioa abiatu den arte.
Etawasol elkarteko emakume sahararrek ahizpa borrokalariak izan dituzte gogoan perfomance baten bidez
Ekitaldian, pandemiak eragindako pausaldia izan dute hizpide: "Itzuli gara, naiz eta sekula ez garen joan. Antolatu gara, sareak josi, herri eta auzoetako lanetara itzuli. Urte hauetan barre, negar, dantza egin dugu; baina gaur hemen gaude berriro, 'Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gara!' lemapean".
Lelo hori izan du 2022ko martxoaren 8ak Euskal Herriko Mugimendu Feministarentzat. "Sistema honi su eman nahi diogu, nazkatuta gaudelako erailak, erasotuak... izateaz. Ezin dugu onartu emakume* bakar bat gehiago erailtzea, gure gaineko indarkeriak gure bizitzetan jarraitzea".
Ildo beretik, egungo sistema eredua jasanezina dela azpimarratu dute: "Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu. Jendartearen zati handienarentzat eta, bereziki, emakumeontzat zein sexu-genero disidenteontzat, kriminala eta jasanezina den eredu honekin bukatu nahi dugu".
"Lagunak, ahizpak, amak, auzokideak, lehengusinak... Oliozta dezagun makineria, ez gaitezen egun soltean geratu, antola gaitezen den aldatu eta kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte"
Madres Mercedarias egoitzako emakumeek ere hartu dute hitza ekitaldian. Esker eta borroka mezuak luzatu dituzte. Amaitzeko, antolatzeko beharra nabarmendu dute, feminismo anitzaren alde: "Gure feminismoa anitza eta emakume zein gorputz disidente guztioi irekia izan behar da. Lagunak, ahizpak, amak, auzokideak, lehengusinak... Oliozta dezagun makineria, ez gaitezen egun soltean geratu, antola gaitezen dena aldatu eta kaleak betetzen jarraitzeko, denak aske izan arte".