Gaur greba eguna deitu dute ELA, LAB eta CCOO sindikatuek Vidrala enpresan, zuzendaritzak langile bat kaleratu ostean. Diziplina arazoak argudiatu ditu enpresak horretarako eta langile batzordeak aurrekari arriskutsua izan daitekeela uste du. Ondorioz, jarrera aldaketa eskatu diote zuzendaritzari.
Vidralan greba abiatu dute gaueko txandan eta lanuztearen jarraipena erabatekoa izan da. Langile batzordeko presidenteak azaldu du zergatik deitu duten protesta. @LABaiara @ELAIbaizNerbioi pic.twitter.com/Xmg9sRFetI
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) March 10, 2022
Lanuztea, berez, atzoko gaueko txandan abiatu zuten eta jarraipena erabatekoa izan zen. Goizeko eta arratsaldeko txandetan jende gehienak uko egin dio lanpostura joateari eta dozena erdi langile finko baino ez dira sartu Vidralan.
Piketeetan ibilitako grebalari batek adierazi dio Aiaraldea Komunikabideari Ertzaintzaren bi patruila egon direla lantegiaren sarreran, baina istilu edo arazorik gabe egin duela aurrera egunak.