DINAGU KOLEKTIBOA

'Nomadak gaittun' azoka eta Faktoria, Euskal Herriko emakume sortzaileen topaleku

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko mar. 14a, 18:15

Larunbatean egin zuten Dinagu kolektibokoek Laudion  'Nomadak gaittun' azoka. Egun osoan zehar, Euskal Herriko emakume sortzaile andanak jarri zuen postua Faktorian.

Faktoriako goiko zein beheko plazak emakume sortzailez bete ziren larunbatean. Izan ere, Dinagu kolektiboak 'Nomadak gaittun' ekimena antolatu zuen Aiaraldean. Faktoria izan zen horren lekuko. 11:00etan zabaldu zituzten ateak, eta ordurako jende ilara zegoen kanpo aldean zain. Goiz eta arratsalde osoan zehar herritar ugari bertaratu ziren sortzaileak zein euren lanak gertutik ezagutzera. 

"Oraindik larunbateko aje emozionala dugu gainean, bertan bageunde bezala sentitzen gara! Egun polita izan zen teilatupe ezin ederrago batean", adierazi du eragileak sare sozialetan. Orotariko eskaintza plazaratu zuten emakume artisauek: bitxigintza, moda, ilustrazioa, kosmetika, keramika, osagarriak... Horrez gain, Ekonomatuak tokiko zein Euskal Herriko elikagai ekologikoak erosi eta jateko parada eskaini zuen, "eta bertan egindako ogi eta goxoak erostekoa. Egun borobilagoa irtetzea zaila izango zen". 18:30ean bukatu zen Dinaguko azoka, baina egitarauak aurrera jarraitu zuen. Iluntzean, Maite Larbururen kontzertuak girotu zuen Faktoria, banda eta guzti.

Bor-bor feminismo ildoarekin batera antolatu zuen Dinaguk ekimena, eta balorazio positiboa egin dute bi eragileek: "Eskerrik asko nomadoi, Euskal Herriko txoko ezberdinetatik zuen sorkuntza lanak hartuta nomada gisa Laudioraino joan eta bidelagun bihurtzeagatik. Eskerrik asko bertaraino urrutitik ere etorri zineten lagun guztioi. Eta besterik gabe, eskerrik asko Faktoriako geltokitik pasa zen pertson orori! Mundiala izan zen!". Ildo beretik, Faktoria proiektua goraipatu dute: "Milesker Aiaraldea Ekintzen Faktoria zuen etxean horren goxo hartzeagatik eta egindako lan guztiagatik".

Orain, geltoki berriari begira jarri dira jada. Donostian, Gernikan eta Laudion elkartu dira gaur arte. Alabaina, datozen asteetan iragarriko dute azokaren hitzordu berria.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide