Laudio Institutuak ikasturte honetan garatu duen Erasmus+ programa berriaren lehenengo bidaia egingo du asteartean. Zehazki, Greziako Trikala herrira joko dute 10 ikaslek. Bertan elkartuko dira beste hiru ikastetxeko kideekin: Lituaniako Šilutės Martyno Jankaus pagrindinė mokyklakoak, Greziako Trikala herriko 7th High School of Trikalakoak eta Italiako Mantova herriko ICS di San Giorgio di Mantovakoak.
'Click on sustainability' lelopean, lau ikastetxeek jasangarritasunari lotutako proiektuak prestatu dituzte eta egonaldietan partekatu dituzte euren jakintzak, birziklapen egokia egiteko, baliabide naturalak hobeto ustiatzeko edota karbono aztarna murrizteko. Hain zuzen, Laudioko ikastetxeak ortu eta lorategia sortu du hezkuntza zentroan.
Horrez gain, Trikalako inguruak ezagutzeko aukera izango dute. "Leku berezi eta bitxiak bisitatuko ditugu, adibidez: Pertouli, Plastiras lakua eta lorategia, hainbat museo, Trikala hiria eta han birziklatzeko duten tokia eta, bukatzeko, hain berezia den Meteora Aitzak eta goikaldean eraikita dauden monastegiak", azaldu dute egonaldian egongo diren irakasleek.
60 ikaslek parte hartu dutenez egitasmoan, zozketa bidez hautatu dute zeintzuk egingo duten bidaia.