Pertsona berri bat batu zen atzo Laudioko Udal Osoko Bilkurara: Julian Larisgoitia. “Aurpegi berri” bat, erlatiboki. Izan ere, Larisgoitiak ibilbide luzea egin du erakunde publikoetan PSE-EEko ordezkari moduan. Arabako Batzar Nagusietako prokuradore hautatu zuten 1991. urtean. Handik lau urtera berriro aukeratu zuten kargu bererako, eta Gizarte Ongizateko Batzordeko burua izan zen.
1999. urtean pasa zen Laudioko Udaleko zinegotzi izatera, eta 2003an itzuli zen Aldundira. 2011n, aldiz, berriz izendatu zuten Laudioko zinegotzi, eta 2014. urtera arte egon zen kargu horretan, Txaro Sarasuarekin batera.
Hurrengo legealdian Loli Murielek hartu zion lekukoa udalean. Hemendik aurrera, ordea, biak batera egongo dira. Izan ere, Juanje Merchanek (PSE-EEko Laudioko buruak) iaz utzi zuen zinegotzi kargua, lan kontuengatik; eta Alberto García Rodríguezek hartu zuen bere lekua. Azken hau ordezkatzera dator orain Larisgoitia. Zinegotzi bezala arituko den hirugarren legealdia izango da honakoa, beraz.
Atzoko plenoan hitza hartu zuen ordezkari izendatu berriak. Eskerrak eman zizkien talde politiko guztiei, eginiko ongi etorriagatik. “Zuekin guztiekin kontatzen dut”, nabarmendu zuen, eta gehitu zuen gogoak dituela gazteria arloan lan egiten hasteko (arlo hori kudeatzen dute sozialisten udal gobernuak, besteak beste): “Herri honetako gazteek arazo ugari dituzte eta konponbideak eskaini behar zaizkie”.