Urte osoko egitaraua aurkeztu dute Jose Arrueren heriotzaren 45. urteurrena gogora ekartzeko

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 5a, 12:19

Ander Añibarro alkateak eta Felix Mugurutza udal teknikariak aurkeztu dute ekimena. / Laudioko Udala

Gaur goizean egin dute egitasmoaren aurkezpena. Margolariaren lau obra ipini dituzte tren geltokiko tunelean, mural formatuan. 

45 urte bete dira gaur -apirilak 5- Jose Arrue margolaria zendu zenetik. Hori dela eta Laudioko Udalak hainbat egitasmo eta jarduera burutuko ditu datozen hilabeteetan, margolariaren bizitza eta obra omentzeko. 

Gaur plazaratu dute lehen ekimena: Arrueren 4 obra mural bilakatu dituzte tren geltokiaren alboko tunelean, "laudioarren zein bisitarien gozamenerako". 

Ekimen gehiago

Hori ez da izango egingo dute jarduera bakarra. Beste hainbat ekintza egingo dituzte hemendik eta urte amaierarara: 

Margolariaren eskultura inauguratuko dute abenduaren 13an Alberto Acero plazan. Aurreratu dutenez, Lourdes Umerez artista arduratuko da lana egiteaz. Bera arduratu zen Lamuza plazan dagoen Ruperto Urkijoren eskultura egiteaz. 

Margo erakusketa ere antolatuko dute, aste batzuk lehenago. Bertan ikusi ahalko dira artistaren lan nagusietako batzuk, eta hitzaldiak ere eskainiko dituzte, artistaren "itzal unibertsalari" buruz hitz egiteko. 

Artistari buruzko material pedagogikoa ere sortuko dute, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei bideratutakoa. “Ekintza hori osatzeko, umeentzako ikuskizun bat eskainiko da, artista kutunarekiko eta haren obrarekiko keinuz josia. Gainera, haren obrak landu ahalko dituzte txikienek haientzat pentsatutako tailerretan”. 

Horrez gain, Jose Arrue Laudioko seme kutun izendatzea proposatuko dute azaroko Udal Osoko Bilkuran. “Udalek euren biztanleei eman diezaieketen ohore gorena da hori, eta, definizioz, titulua ematen duen udalerrian jaio gabe ere, merituengatik, gaitasunengatik edo herriaren alde eta ohorez emandako zerbitzuengatik nabarmenki gailendu diren eta esparru publikoan aintzatespen orokorra lortu duten pertsonei baino ez zaie ematen”.

Bukatzeko, beste proiektu bat egikaritzen ere saiatuko dira: Arrueren obretako bat hezur-haragitzea, Laudioko bizilagunen parte hartzearekin. Orozkon 2017an egin zuten hori, margolaria omentzeko dinamikaren barruan.  

Arrue Bilbon jaio zen, baina Laudion igaro zituen bere 37 urteak. Gauzak hala, bere obra esanguratsuenetako batzuk Laudion edota Orozkon girotuak daude. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide