Giro bizia aurreikusi daiteke ostiral honetarako Laudion. Bi urteko etenaldiaren ostean, Dolumin Barikua ospakizuna itzuliko da herrira, baina hainbat berezitasunekin.
Aberedunak elkarteak uko egin zion ohiko abereen azoka antolatzeari, udal hiltegiaren itxieraren aurka protestatzeko. Gauzak hala, Udalaren gain geratu da egitarau osoaren koordinazioa. Egun osoko programa prestatu du tokiko erakundeak, goizetik gaueko ordu txikietara arte luzatuko dena.
Euskal jaki eta artisau produktuen azokarekin hasiko da eguna. 60 postu egongo dira guztira, Aldai eta Herriko plazen artean banatuta, 9:30etik 14:30ak arte. 12:00etan herri kirolak egongo dira Aldai plazan, eta ordu berean abiatuko da Bidebietako trikitilarien kalejira, hiru orduz luzatuko dena.
Arratsaldean, aldiz, umeentzako herri kirolak egongo dira Aldai plazan, 17:00etatik 19:00ak arte. Ordu horretan Nafarroako jotak egongo dira Herriko plazan. Ekin Joleak txistulari taldeak herriko kale nagusiak zeharkatuko ditu 20:00etatik 21:00etara, eta Santa Luzia abesbatzak kontzertua eskainiko du Done Petri elizan, 20:15ean. Akerbeltz erromeria arduratuko da eguna amaitzeaz. 23:00etatik 3:00etara eskainiko du kontzertua, Alberto Acero plazan.
Idi probak
Idi probak ere egongo dira, 21:00etan udal probalekuan. Asteburu osoan zehar luzatuko da ekimena. Larunbatean 21:00etan jarraituko dute probekin, igandean 18:00etan eta astelehenean 21:00etan berriz.
Mobilizazioa
Aldarrikapenek ere presentzia izango dute ostiralean, mobilizazioa deitu baitu Aiaraldeko Greba Batzordeak 'SOS Aiaraldea' lemapean. 12:30ean abiatuko dira Aldai plazatatik, eta hainbat sektore eta eragile batuko dira bertan: Hiltegia ez itxi! plataformako kideak, Madres Mercedariaseko grebalariak, Arabako Metaleko Sektoreko langileak edota Artiacheko langileak, besteak beste.
Ap-8 SOS AIARALDEA
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) March 25, 2022
Eskualdeko borroka ezberdinak batuko ditugu Laudion beste behin ere.
Langileon txirotzearen eta prekarizaizioaren aurka eta Aiaraldean duintasunez ikasi, lan eta bizitzearen alde.
Batu gaitezen. Ekarri zuen aldarrikapenak eta pankartak.
EZ GARA MAKURTUKO pic.twitter.com/C3KWnnYal7