"Bruselak ez du neurtzen oposizioetan hizkuntzak ikasteko zailtasuna, eta ez du lehiaketarik bertan behera utzi arrazoi horregatik". Horrela erantzun dio Europako Batzordeak Izaskun Bilbao eurodiputatu jeltzaleari, Laudioko Udaleko hizkuntza eskakizunak ez betetzeagatik lanpostua galdu zuen funtzionarioaren auziaren inguruan egindako galderaren harira.
Iragan abenduan, epaile batek bertan behera utzi zuen Laudioko Udaleko funtzionario baten kaleratzea, "Euskara munduko bosgarren hizkuntza zailena" zela argudiatuta. Epai horri esker, udaleko funtzionarioak hizkuntza eskakizun bat saihestu zuen.
Erabakiak zalaparta handia eragin zuen, eta Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak eta Euskalgintza Kontseiluak elkarretaratze bateratua egin zuten Laudion. Izan ere epaia "aurrekari arriskutsutzat" jo zuten bi eragileek, eta epaileek "euskararen aurkako oldarraldia" abiatu dutela ohartarazi zuten:
Auzia Europako Batzordean
Gaia Bruselara eraman zuen EAJko eurodiputatu den Izaskun Bilbaok iragan otsailean. Hiru galdera luzatu zituen Bilbaok: ea Europako Batasunak hizkuntzak zailtasunaren arabera sailkatzeko irizpiderik erabiltzen duen; epaiak aurrekaririk duen Europar Batasunean; eta hizkuntza bat ezagutzeak dakarren “zailtasuna” kontuan hartzen den Europako erakundeek langileak aukeratzeko egiten dituzten prozesuetan.
Johannes Hahn Batasuneko funtzio publikoaren eta aurrekontuen komisario arduradunak erantzun ditu eurodiputatu jeltzalearen galderak. Erantzun irmoa izan da Europako Batzordeak emandakoa: "Oposizioetarako hautagaiak ebaluatzeko erabilitako gaitasun-esparruak ez du inola ere neurtzen hizkuntza jakin bat ikasteko zailtasuna. Europako erkidegoetako hizkuntza-araubidearen arabera, hizkuntza ofizial guztiak dira baliozkoak, eta ez zaie inolako sailkapenik edo neurketarik aplikatzen".
Batzordearen erantzunak erakusten du "euskararen kontra eta lehiaketa publikoetan bere ezagutza neurtzearen kontra egiten diren kanpainak Europako baloreetatik zein urrun dauden", Bilbaoren iritziz. "Ebazpen hau eta irakurri ahal izan ditudan beste batzuek militantziarekin dute zerikusi handiagoa, legeekin baino gehiago eta, bereziki, lege horiek oinarri dituzten balore eta adostasunekin", adierazi du eurodiputatuak.