Martxoan bidaiatu zuten Alberto Etxebarri eta Javi Barbarak Poloniara, Ukrainako mugara. Laudioko Mimitos dendan eta Latiorro Ikastetxean bildutako produktuak eraman zituzten furgoneta batean, 1.500 kilo guztira, bertan dauden errefuxiatuei emateko asmoz.
Esperientzia gogor bezain aberasgarria izan zela azaldu zuten Laudioko Udaleko bi langile ohiek, Aiaraldea Komunikabideari eskainitako elkarrizketan. Bertan aurreratu zuten lanean jarraitzeko asmoa zutela, bidaian ezagutu zuten Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea (GBGE) gobernuz kanpoko erakundearekin.
Bihar emango dute lehen urratsa: hitzaldia eskainiko dute Laudioko Udaletxeko erabilera anitzeko aretoan, 20:00etan, Apill elkarteak antolatuta. Eginiko bidaiaren nondik norakoak kontatuko dituzte bertan. Horrez gain, GBGE-ko kideek ere hartuko dute hitza solasaldian, eta laguntza humanitarioaren garrantzia jarriko dute mahai gainean.