Asteburu oparoa izan du Laudio Atletismo Klubak. Taldeko lorpen handiena, dudarik gabe, izan da Koldo Ayesta Zaballaren garaipena Gasteizen, Etorbideetako Lasterketan parte hartu baitzuen laudioarrak. Korrikalariak berak Aiaraldea Komunikabideari azaldu dionez, "lasterketa klasikoa da Araban, 6,2 kilometrokoa, eta Gasteizko hirigunea zeharkatzen du: El Arca plaza, Mendizorrotza, Unibertsitatea... eta gero erdigunera itzultzen da".
Ayesta sentsazio positiboekin heldu zen hitzordura: "Laredon egon nintzen beste lasterketa batean eta sasoian nagoela ikusi nuen". Hori dela medio, korrikalariak aurreko postuetan jartzeko hautua hartu zuen hasieratik. Lehen erasoan sortu zen taldean sartu zen eta gero Koldo Ayestak berak bizkortu zuen erritmoa, aurrean zegoen taldea atzean utzita. Horrela, 10 eta 15 segundoko abaintaila eskuratu zuen.
Hasieratik sartu zen lehian Koldo Ayesta Zaballa eta buruan zegoen taldea atzean utzi zuen berehala, erritmoa bizkortuta.
Dena den, Mendizorrotzatik igarotzen ari zelarik, sumatu zuen bigarren sailkatua hurbiltzen ari zela. "Erabaki nuen nire indar guztiak erreko nituela, hustu arte", adierazi du aiaraldearrak. Azkenean, lehenengo postuan zeharkatu zuen helmuga, garaipen "erosoa" lortuta; 9 segundoko aldea atera zion bigarrenari eta 17 segundo hirugarrenari.
Ayesta pozik dago emaitzarekin eta gogoak ditu proba gehiago prestatzeko bere palmaresa handitzeko: "5 edota 10 kilometroko lasterketetan parte hartu ohi dut eta Gasteizko ibilbidea nahiko laua zen eta erritmoa oso bizia izan zen, kilometroen batazbestekoa 3 minutu eta 8 segundokoa izan zen".
Klubaren lorpen gehiago
Koldo Ayesta Zaballarena lorpen aipagarriena izan bazen ere, ez zen bakarra izan. Laudio Atletismo Klubak Durangora jo zuen Euskadiko Txapelketan parte hartzeko eta han Irune Rivas eta Josu Apraiz podiuma zapaltzetik oso gertu geratu ziren, laugarrenak izan baitziren biak; 3.000 metroko proban Rivas eta 10.000 metrokoan, aldiz, Apraiz. Arrate Talledo, bere aldetik, 4. sailkatu zen ere, baina Gipuzkoako Txapelketan, 600 metroko diziplinan. Gipuzkoan, aldiz, Naia Luyandok bigarren postua erdietsi zuen.