Laudioko hiltegiaren itxiera salatu du Arabako EH Bilduko batzarkide taldeak

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko api. 14a, 07:00

Dolumin Barikuan ehunka herritar atera ziren kalera, SOS Aiaraldea plataformak deitu zuen mobilizazioan parte hartzera. / Aiaraldea.eus

Hiltegiaren itxierak Aiaraldea "kinka larrian" utzi duela adierazi du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko batzarkideak. Nekazaritzako elikagaien poligono bat martxan jartzea proposatu du koalizio abertzaleak, Arabako abeltzaintza-sektoreari zerbitzua emateko.

Laudioko Udal hiltegia ixteko erabakia politikotzat jo du Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduren batzarkide taldeak. Koalizio abertzalearen arabera, azpiegituraren itxierak "kinka larrian" utzi du, ez bakarrik abeltzaintza-sektorea, baita eskualde osoa ere. "Lurralde guztietatik animaliak hara sakrifikatzera eramaten zituztenak salduta utzi ditu hiltegiaren itxierak", adierazi du Eva Lopez de Arroyabe bozeramaileak.

Erabakia gardentasunik gabe hartu izana leporatu dio Lopez de Arroyabek Laudioko Udalari. Iragan ostiraleko Dolumin Barikura abeltzainek abereak eraman ez izana jarri du gardentasun falta horren adibide moduan: "Bai egin zena, ordea, manifestazio handi bat izan zen, sektoreak eskualdean duen funtsezko papera aldarrikatzeko eta aurrean duen egoera gero eta zailagoa dela salatzeko: alde batetik, kostuen igoera, eta bestetik, salmenta prezio baxuak".

Laudiokoa zen Araban zerbitzua eskaintzen zuen hiltegi bakarra, eta bere itxierak Aiaraldetik kanpo ere eragina duela azpimarratu du EH Bilduk: "tokiko abeltzain askorentzat egoera jasanezina bihurtzen ari da". Eusko Legebiltzarrean Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko eztabaidaturiko ponentzian koalizio abertzaleak hiltegiaren bideragarritasuna aztertzeko beharra aldarrikatu zuela gogorarazi du Eva Lopez de Arroyabek. Ponentziaren azken testuak, ordea, ez du proposamena jasotzen, politikariak salatu duenez.

Gauzak hala, Arabako abeltzaintza-sektorearen eta administrazioaren artean sustatutako sakrifizio zerbitzu deszentralizatu eta publiko baten beharra aldarrikatu du EH Bilduk, "bertako elikagaien ekoizpena eta kontsumoa bermatzeko eta Arabako abeltzaintza sektorearen bideragarritasuna bermatzeko". Aiaraldeari dagokionez, nekazaritzako elikagaien poligono bat martxan jartzea proposatu du opozisioko talde politikoak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide