ARGAZKIAK ETA BIDEOA

Ehunka herritarrek eta hainbat borrokak egin dute bat Laudion, Aiaraldearen defentsan

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 8a, 22:03

Dolumin Barikuaren testuinguruan egin dute mobilizazioa, baina baserritarren aldarrikapenetatik harago joan da deialdia. Langile klasearen aldeko aldarri zabala plazaratu dute bertaratutakoek.

Ehunka lagun batu dira gaur Laudion 'SOS Aiaraldea' lemapean eginiko mobilizazioan. Oso ekimen anitza izan da, hainbat sektore eta eragileetako bizilagunak batu direlako: Artiacheko grebalariak, baserritarrak, Madres Mercedariaseko langileak edota Arabako metaleko langileak, besteak beste. 

Dolumin Barikuaren testuinguruan egin dute manifestazioa. Gauzak hala, abeltzainen aldarriek (udal hiltegiaren itxieraren aurka) protagonismo nabarmena izan dute. Baserritarrek bizi duten prekarietate egoera izan dute hizpide, besteak beste. “10 baserritarretatik 8k gutxieneko soldata baino gutxiago jasotzen dute astean 52 ordu lan eginda”, aipatu dute amaiera ekitaldian, besteak beste.

Baina mobilizazioa ez da horretara mugatu, langile-klasearen aldeko aldarri zabala plazaratu baitute bertaratutakoek. “Krisia, prekarietatea, pobrezia, deslokalizazioa, kaleratzeak, pribatizazioa, inbertsio-eza, lan-istripuak... Aiaraldean egoera guzti hauek, tamalez, normalizatu direla dirudi”, azaldu dute, “2008ko krisiaren ondorioak pairatzetik gentozen, pandemia iritsi zenean, eta oraintsuago Europan piztu den gerrak, sistema kapitalista eta patriarkal baten erasoaldia oldartu besterik ez du egin”. 

Egoera “kolapsora” iristen ari dela salatu dute, “eta, beti bezala, langile-klasea da ondorioak gehien nabaritzen ari dena”. 

Bizitzaren garestitzea izan dute hizpide, eta “shock doktrinatzat” jo dute gaur egungo egoera: “Gerraz, hornikuntza ezaz, pandemiaz…betetzen dituzte komunikabide guztiak; eta, bitartean, Valvospainen, Tubacexen eta beste hainbat enpresetan kaleratzen gaituzte. Edo prekarizatzen gaituzte, Artiachen, Arabako Metalean, Madres Mercedariasen, zahar egoitzetan, Osakidetzan edota supermerkatuetan. Merkataritzan eta ostalaritzan oztopoak jarri, eta Laudioko hiltegia ixten digute, besteak beste”. 

Horren aurrean, “sareak ehuntzen” jarraitzeko deia luzatu dute, langile klaseko sektoreen artean. “Krisi honek hemendik aurrerako norabidea markatuko du, eta irtenbideak bi aurpegi izan ditzake: prekarizazioa edo eskubideen konkista”.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide