Aiaraldeko Plan Estrategikoa osatzeko prozesua abiatu du Arabako Foru Aldundiak. Martxoan aurkeztutako ekintza planarekin batera garatuko dute egitasmoa, eta "parte-hartze prozesua" izatea dute helburu. "Epe ertain eta luzerako jarduera estrategikoak" definitu nahi dituzte, "eskualdea eraldatzeko eta suspertzeko".
Iragan astean eman zuten horri begirako lehen urratsa, apirilaren 7an. 'Workshop' bat burutu zuten erakundeetako ordezkarien eta eragileen artean, Laudioko Lamuza Parkeko Kasinoan.
Hiru gai jorratu zituzten:
- Industria, Berrikuntza eta ekintzailetza.
- Turismo-baliabideen eskaintza integratua garatzea.
- Nekazaritzako elikagaien sektorea dibertsifikatzea eta garatzea eskualdean.
Eramu horietako bakoitzaren egoeraz eztabaidatu zuten, eta lehentasunezko erronkak ere jorratu zituzten, Aldundiak prentsa oharrean azaldu duenez.
Herritarrentzako galdetegia
Horrez gain, galdetegi bat ere osatu du Aldundiak, plan estrategikoaren gaineko iritziak jasotzeko herritarren eskutik. "Eskualdearen egoerari, erronkei eta beharrei buruz duzun ikuspegia jaso nahi dugu, bost arlo tematiko nagusien inguruan; eskualdeko indarguneak, ahuleziak, gai kritikoak eta etorkizunerako aukerak identifikatuz", azaldu dute Aldundiko kideek.
Hemen erantzun daiteke galdetegia.