Aiaraldeko Berehalako Ekintza Plana aurkeztu zuten atzo Laudioko Kasinoan. Araba eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak parte hartu zuten ekitaldian, Aiaraldeko alkateekin eta Aiarako Kuadrilako presidentearekin batera.
Iaz onartu zen Aiaraldeko Ponentzia Sozioekonomikoa. Hainbat erronka zehazten ziren dokumentu horretan. Helburu horietara iristeko jarduera plana da atzo aurkeztu zutena.
Planaren xehetasun nagusiak plazaratu zituzten agerraldian: 33 ekintza egingo dituzte guztira, 8 ardatzetan multzokatuta, eta 28 milioi euro baliatuko dituzte guztira horretarako. Eusko Jaurlaritzak jarriko du diru gehiena (24 milioi). Arabako Foru Aldundiak jarriko ditu beste 4 milioiak, planeko proiektuak handitzeko.
Oso egitasmo anitzak barnebiltzen ditu planak. Industrian, kulturan, nekazaritzan, abeltzaintzan, turismoan, enpleguan, ingurumenean, hezkuntza eta ingurumenean izango dute eragina, besteak beste. Hala ere, oraindik ez dute zehaztu zenbat diru bideratuko duten proiektu bakoitzera.
Erraztasunak emango dizkie planak eskualdeko enpresei, “energia-trantsizioa eta azpiegituren modernizazioa” gauza dezaten
Industriari begirako proiektuak
Suspertze ekonomikoa eta industria-dibertsifikazioa jorratuko ditu lehen ardatzak. Bost gauzak planteatzen dira alor honetan.
Alde batetik, Laudio Glass Hub proiektua dago. Laudioko Udalak iaz aurkeztu zuen ekimena, herria “Europako beiraren erreferente” bihurtzeko, material hori erabiltzen duten enpresekin elkarlanean.
Deskarbonizazioa eta ingurumen-aztarna murrizteko urratsak egitea ere aurreikusi dute. Erraztasunak emango dizkiete eskualdeko enpresei, “energia-trantsizioa eta azpiegituren modernizazioa” errazteko. Lurzoru eta eraikin industrialen inbentarioa ere egin nahi dute, erabili gabe daudenak berreskuratzeko eta jada erabiltzen direnen azpiegiturak hobetzeko.
'Startup'-ak erakartzeko, sortzeko eta bizkortzeko zentro bat sortuko dute baita ere. “Aiaraldea Industria Lab” izena jarri nahi diote proiektuari. Horrez gain, diru partida bat gordeko dute industrialdeak modernizatzeko.
Hegaztiak hiltzeko zentro bat sortzeak eskualdean izan dezakeen eragina aztertuko dute, baina ez dute abereentzako hiltegi bat eraikitzea aurreikusten
Abereentzako hiltegirik ez
Nekazaritza eta abeltzaintzara bideratu dute bigarren ardatza. Planak ez du abereentzako hiltegi bat eraikitzea planteatzen. Beste gauza bat proposatzen du: hegaztiak hiltzeko zentro bat sortzeak eskualdean izan dezakeen eragina aztertzea. “Zentro horrek hegaztiak eraldatzeko tresnak izango ditu”, aurreikusi du Foru Aldundiak, “horrela, produktuen errentagarritasuna handitzea eta azken kontsumitzaileengana azkarrago iristea ahalbidetuko da”.
Lehen sektoreari begirako beste ekintza batzuk ere iragarri dituzte: nekazaritza-enpresen hazitegia sortzea, laguntza-programak zabaltzea eta “azpiegitura berriak aztertu eta abian jartzea”.
Turismoa eta merkataritza
Turismoari eta merkataritzari begirako jarduera sorta zabala ere aurkeztu dute. Hau egitea aurreikusi dute: eskualdeko turismoa balioan jartzeko ekintzak, txakolin-ibilbidearen garapena, artisau-produktuen ibilbide gastronomikoa, eskualdeko museoen sarea, dorretxeen ibilbidea, Kexaako monumentu-multzoa turismo-erabilerarako egokitzea eta “ekitaldi bereziak” egitea. Aiaraldeko “marka turistikoa” ere diseinatu nahi dute, eta plan bat egingo dute eskualdeko “merkataritza eta turismoa” indarberritzeko.
Bizkaiko Foru Aldundiak, bere aldetik, ekarpena egingo du jarduera horiek Aiaraldeko udalerri bizkaitarretara ere zabaltzeko.
Antiguako Ama Birjinaren monumentua edota Artziniegako ondarea zaharberritzeko diru-partidak aurreikusi dituzte planean. Laudioko Antzokiaren eraikuntzan ere lagunduko dute
Kultura sektorea: Ondarearen zaharberritzea eta Laudioko Antzokia
Hiru ekintza aurreratu dituzte kultura-sektoreari begira. Alde batetik, Urduñako “kultura ondare berezia” zaharberritu nahi dute. Zehazki, hiru tokitan egingo dituzte esku-hartzeak: Antiguako Ama Birjinaren monumentuan, hirigune historikoko harresian eta elizaren plazan. Antzeko zerbait egingo dute Artziniegan, bertako monumentu multzoarekin.
Laudion, aldiz, jada abian dagoen antzokiaren proiektua jarri dute helburu, “kultur mailan erreferente izan dadin, eskualdeak eskaintza handiagoa izan dezan eta, zeharka, jarduera sozial eta ekonomikoa sor dezan bere inguruan”.
Etxebizitza sozialak
Etxebizitza publikoak lagatzea eskaintzea ere nahi dute, proiektu sozialak garatzeko. Lankidetza-hitzarmenak sinatuko dituzte horretarako, elkarteekin, irabazi-asmorik gabeko erakundeekin eta bestelako entitateekin.
Horrez gain, “adimen-desgaitasuna” duten pertsonentzako baliabide bat sortzea jasoten du planak, erabiltzaile guztiei “laguntza-sistema integrala” eskaintzeko.
Alokairuzko etxebizitza sozialak sustatu nahi dituzte Amurrioko Goikolarra eta Urduñako Landata eta Dolores Madaria auzoetan
Auzoentzako laguntzak
“Jarduketa integralak” egingo dituzte “kalteberatasun egoeran” dauden hiru auzotan: Urduñako Goikolarran eta Urduñako Landatas eta Dolores Madarian. Alokairuko etxebizitza sozialak eta zuzkidura-bizitokiak sustatu nahi dituzte, “aukera ekonomiko gutxiago dituzten biztanleentzat”.
Ingurumena eta mugikortasun jasangarria
Planaren azken ardatzak ingurumena eta mugikortasuna ditu eragin-eremu. Nerbioiko Parke Lineala garatzea eta bide berdeak zabaltzea dute jomuga, besteak beste. “Disuasio aparkaleku” bat ere etondu nahi dute, ibilgailu elektrikoak kargatzeko gune batekin.