Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezarri nahi dute Autoglasen, energiaren eta lehengaien prezioen gorakada argudiatuta

Txabi Alvarado Bañares 2022ko api. 21a, 07:30

Guardianek saldutako lerroa da Autoglas. / Aiaraldea.eus

Neurriak enpresako langile guztiei -240- eragingo lieke, eta lanaldiaren %40ko murrizketa ekarri ahalko luke. Kontsulta fasean dago espedientea uneotan. 

Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedientea ezarri nahi dute Autoglasen, ekoizpen arrazoiengatik. Energiaren kostuan eta lehengaien prezioetan egondako gorakadak argudiatu ditu zuzendaritzak. “Ukrainako gerra eta gasaren prezioaren gorakada ere aipatu dizkigute arrazoi moduan”, azaldu diote iturri sindikalek Aiaraldea Komunikabideari. 

Neurria urte amaierara arte luzatuko litzateke, enpresan dauden 240 langileei eragingo lieke eta jardunaldiaren %40ko murrizketa ekarriko luke. “Hala ere, espedientea asterik aste moldatuko litzateke, dauden eskarien arabera”.

Autoetako haizetakoak ekoizten ditu Autoglasek, eta bere produktuen prezioak igoko ditu, energiaren eta lehengaien kostuen handitzeari aurre egiteko. “Horren ondorioz, zenbait bezero galtzea espero du enpresak, merkatua egonkortu arte”. Espedientea kontsulta fasean dago une honetan. 

Honakoa ez da hornigaien ondorioz eskualdean egon den lehen enplegu murrizketa. Iazko udazkenean (Ukrainako gerra oraindik hasi ez zenean) Enplegua Aldi Baterako Erregulatzeko Espedienteak ezarri zituzten Mubea eta Megatech enpresetan, mikrotxipen eskasia dela eta. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide