Sute handia jazo da bart 'Maderas de Llodio' fabrikan. Ertzaintzak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, ez da zauriturik egon: "5:30ean inguruan izan da sutea, zurgintza eta egurra lantzen duten fabrika batean. Sua itzalita dago jada suhiltzaileen lanari esker".
Hain zuzen, Arabako Foru Suhiltzaileak izan dira bertan. Sare sozialetan azaldu dute gertakaria: "Garnica lantegian sutea hedatu da. Bikaina izan da Arabako eta Bizkaiko suhiltzaileen zein bertako langileen elkarlana".
Antza, enborren biltegian piztu da sua lehenbizi, baina azpiegituren beste gune batean ere bai. Hortaz, bi su eremuk eragin dituzte kalteak.
Hilabete batean, bigarren sutea
Hala ere, gaurkoa ez da izan azkenaldiko ezbehar bakarra: martxoaren 20an lantegiko tximinia batek su hartu zuen. Suteen arrazoia, ordea, ez dute jakinarazi.