Salourako bidea hartuko du Gotzon Palaciosek gaur arratsaldean. Bertan igaroko du asteburua, epaile lanak egiten Hondartza futboleko Espainiako Txapelketan. “Oraindik ez dakit zenbat partidatan arituko naizen, baina sei inguru izango dira”, azaldu du gazte laudioarrak. Duela lau urte hasi zen Palacios hondartza futboleko lehen mailan arbitratzen. “Nire debuta Saloun izan zen, hain zuzen”. 2019an eskuratu zuen postua. Bera izan zen hori lortu zuen Euska Herriko epaile bakarra.
Iñaki Saez de Arana bizilagunaren ordezko gisa hasi zen Palacios kirol horretan. “Bera erretiratu zenean niri proposatu zidan lekukoa hartzea. Valentziara joan nintzen probak egitera. Horiek gaindituta, lehen pausoak ematen hasi nintzen mundu horretan”. Espainiako Estatu osoan barrena ibili da ordutik hona.
Iñaki Saez de Aranaren lekukoa hartuta hasi zen Palacios hondartza futboleko lehen mailako partidak epaitzen
Baina bere jarduna ez da hondartza futbolera mugatzen, futbol eta areto futbol norgehiagokak ere ikuskatu baititu. “7 urte daramatzat 3. mailako futbol partidetan”, zehaztu du. Bere iritziz, ezberdintaun nabarmenak daude kirol batetik bestera. “Hondartza futbolean garrantzi gehiago ematen zaio ikuskizunari. Ikusleak jai-giroan daude, eta DJ bat dago musika jartzen partida bitartean. Bi epailek behatzen dute partida, hirugarren bat dago laguntzaile moduan eta laugarren bat denbora neurtzen. Ezberdina da arautegia: jokalari batek atzerako artazi bat egiten badu, adibidez, ezin zaio blokeatu. Modu horretan, garrantzia ematen zaio jokaldien ikusgarritasunari”.
Momentua gozatzea helburu
Palacios pozik azaldu da orain arte eginiko ibilbidearekin, eta gustora dago lehen mailan. Hala ere, ez du aspirazio handirik: “Topikoa dirudien arren, egunerokoa bizitzen saiatzen naiz. Ez dakit nola egongo naizen etorkizunean. Baliteke lesioren bat izatea, edo epaile izateari utzi behar izatea lanagatik. Horregatik, momentuaz disfrutatzea da nire helburua”.
Profesionala izatea ez dago bere buruan. “Lehen mailako futbolean dabiltzanak soilik bizi dira epaile izatetik. Guk kobratu eta kotizatu egiten dugu. Bazkariak, egonaldia eta dietak ordaintzen dizkigute, eta diru kopuru bat jasotzen dugu partida bakoitzeko, baina ez du bizitzeko ematen, semiprofesionalak gara”.
Palacios ez da epaile lanean diharduen aiaraldear bakarra. Haizea Castresana laudioarrak ere berarekin batera egin zituen hondartza futboleko epaile gisa aritzeko proba fisikoak, iragan astean. Aste honetan jakinarazi diote bigarren mailan jardungo duela.