Liburu ugari argitaratu zituen Ramon Belaustegigoitia Landalucek bere bizitza gorabeheratsuan zehar. Eleberriak, entseguak, kronikak… genero ugari jorratu zituen kazetari laudioarrak.
Bere lan gehienak deskatalogatuak daude gaur egun, baina zenbait obra berrargitaratzeari ekin dio Txalapartak. Argitaletxe horrek duela 37 urte kaleratu zuen Belaustegigoitiaren obra ezagunena: Con Sandino en Nicaragua. 2020an Euzkadi en Llamas eleberriaren edizio berria plazaratu zuen. Datorren ekainaren 2an, aldiz, La sombra del mezquite nobelaren txanda izango da. Argitaletxearen webgunearen bidez egongo da aleak erosteko aukera.
Mexikon girotutako eleberria
Mexikoko iraultzaren osteko urteetan girotutako istorioa kontatzen du liburuak. Lurraren jabetzaren afera lantzen du kontakizunak, besteak beste. Gai hori izan zen, hain zuzen, Belaustegigoitiaren aztergai kuttunetako bat, eta hainbat lan sortu zituen horri lotuta: La cuestión de la tierra en el País Vasco edota La reforma de la pequeña propiedad rural y la propiedad urbana en el País Vasco, esaterako.
Nikaraguan Sandinorekin egin zuen egonaldiak eman zion ospea batez ere Belaustegigoitiari
Euskal Gobernu Nazional baten balizko oinarriak ere landu zituen, 1918. urtean plazaratutako lan batean. EAJko militante aktiboa zen Belaustegigoitia, eta horrek eragin handia izan zuen bere sorkuntzan.
Alabaina, Nikaraguan egin zuen egonaldiak eman zion ospea batez ere Laudioko bizilagunari. Sandinorekin egon zen bertan, eta berarekin izandako elkarrizketekin osatu zuen arestian aipatutako liburua. Liburu horrek oihartzun handia izan zuen Nikaraguan batez ere, eta sandinismoaren figura erreferente bilakatu zuen Belaustegigoitia bera. Horregatik Nikaraguako gobernuak Rubén Darío Independentzia Ordena eman zion idazleari 2019an, herrialde horretan ematen den aitortzarik garrantzitsuena. Belaustegigoitia 1981. urtean hil zenez, bere senideek jaso zuten oroigarria:
Horrez gain, kirolaren esparruan ere utzi zuen arrastoa. Athleticeko jokalaria izan zen, eta Liga irabazi zuen taldearekin 1914 eta 1916 urteetan.