Kulturlab taldeak jarraitzen du Lamuza Parkeko bizitza kulturala suspertzen. Iaz erakusketak antolatu zituen metalezko ontzietan. Orain, aldiz, kultura eta berritasunari buruzko mahai ingurua prestatu du. Solasaldia astebete barru izango da eta bost laudioarrek hartuko dute parte:
- Juan Jose Ibarretxe Markuartu Lehendakaria Laudioko Txirrindularitza Elkarteko presidente izan zen eta ibilbide politikoa amaitu eta gero ikertzaile eta irakasle moduan aritu da Ameriketako zenbait unibertsitatetan.
- Txani Rodriguez Hernandez kazetaria eta idazlea, 2021ean Euskadi Literatura Saria irabazi zuen.
- Txema Urkijo Azkarate egun Espainiako Gobernuko Kultura Ministerioko aholkularia da eta Eusko Jaurlaritzan eta Madrilgo Udalean egin du lan giza eskubideen eta memoria historikoaren arloetan.
- Izar Mendiguren Cosgaya bertsolaria da, eta hainbat musika proiektutan ibilitakoa. Abesti ezagun askoren letrak egin ditu, eta herri mugimendu anitzetan ibilitakoa da. Besteak beste, Aiaraldea Ekintzen Faktoriako kidea ere bada.
- Izaskun Alonso Saratxaga EHUko Arte Ederretako irakaslea da. Pintura-arkitektura-hiria elkarrizketan oinarritzen da egiten ari den doktore tesia.
Solasaldiaren egiturari dagokionez, Kulturlabeko kideek 10 minutuko sarrera egingo dute euren helburuak azaltzeko. "Ondoren, gonbidatuei hitza emango diegu, solasaldiko benetako protagonistak baitira, eta beren ikuspegi pertsonala emango dute, beren lan-gaitasuna eta gaitasun pertsonala kontuan hartuta. Ondoren, kultura-berrikuntzaren garrantziari buruzko eztabaida bat partekatuko dugu, eta, bertan, galderak egin ahal izango dira, bai publikotik, bai parte-hartzaileen artean", azaldu du taldeak.
Hizlari bakoitzak erabakiko du zein hizkuntza erabiliko duen, itzulpengintza zerbitzua egongo baita.
2019an egindako lanaren jarraipena
Hurrengo ostiralean antolatuko duten ekintza 2019an eginiko Kulturkon jardunaldien ondorioen jarraipena da. Horregatik, bere izenburua da 'Elkarrizketak Olanan'. Hain zuzen, iaz 7x10 metro karratuko olana sortu zuten barruan islatzeko Lamuzako Kulturaren Parke imajinarioaren balizko diseinua.