2014. urtean sortu zen Orkatzak, mendian ibili eta korrika egiteko zaletasuna zuten zenbait laudioarren eskutik. Arrakasta izan zuen ekimenak: urte gutxitan 60-70 lagun inguru batu dira taldera. “Hainbat profiletako kideak gaude. Badago lehiatzen duen jendea. Beste batzuk, aldiz, mendian ibiltzea dute gogoko”, zehaztu du Peli Ortiz de Zaratek.
Gauzak hala, pauso bat gehiago ematea erabaki dute taldeko kideek: elkartea eratuko dute, orain arte talde informala zena ofizializatzeko. “Orain arte, federatu nahi zuten kirolariek Orozko edo Amurriora jo behar zuten. Laudion badago Goikogane mendi taldea, baina mendizaletasun tradizionalera bideratuagoa dago”, azaldu du Orkatzeko kideak.
Nabarmendu duenez, tramite bakan batzuk falta zaizkie elkartea Eusko Jaurlaritzaren erregistroan sartzeko. “Laudioko Udalarekin ere bilduko gara, bertako elkarteen erregistroan ere izena emateko”. Hemendik bi astera egin nahi dute taldea aurkezteko ekitaldia.
Basoetako Orkatzak Mendi Kluba izango da taldearen izen ofiziala. Izan ere, erregistrora jo zutenean konturatu ziren bazegoela Orkatzak izeneko beste elkarte bat. “Arabako ehiza elkartea da. Horregatik, ezin izan dugu izen hori hartu. Hori bai, kanpora begira Orkatzak izena mantenduko dugu.
Mendi maratoia prestatzen dabiltza Orkatz taldeko kideak, Laudioko Udalak atondutako ‘Basabideak’ bateratuta
Bi bazkide mota
Bazkidetza motei buruzko xehetasunak ere eman dituzte. “Bi bazkide mota egotea aurreikusi dugu. Lehena ohiko bazkidea izango da, eta urtean 20 euro inguruko kuota izango du. Beste figura ‘bazkide laguntzailearena’ izango da, eta 5 euroko kuota izango du”.
Mendi maratoia prestatzen
Taldea ofizializatzearekin batera, ekimen publikoak antolatzeari ekin nahi diote Orkatzakeko kideek. “Bi egitasmo egin nahi ditugu udazkenean, izaera sozialekoak biak”, aurreratu du Ortiz de Zaratek. Baina datorren urterako ere gordeko dituzte indarrak, proiektu handi bat baitute esku artean: Elitezko mendi maratoia egitea Laudion. “Laudioko Udalak atondutako ibilbide berdeak bateratu nahi ditugu horretarako. Gure herrian mendi eta aldapa asko ditugu oso espazio txikian, eta hori baliatu nahi dugu”.
Ekimen propioetatik harago ere joko dute Orkatzeko kideek. “Herrian egiten diren beste kirol probetan arituko gara laguntzen, orain arte egin dugun bezala”.