Laudio Ikastolaren 50. urteurren jaia, ekainaren 11n

Txabi Alvarado Bañares 2022ko mai. 24a, 18:15

Laudio Ikastolaren urteurren jaia aurkezteko argazkia. / Laudio Ikastola

Ehunka lagun biltzea aurreikusi dute ikastetxean egingo duten bazkarian. Txartelak salgai daude dagoeneko.

50 urte igaro dira euskaltzale talde batek gaur egun Laudio Ikastola dena sortzeko lehen urratsak egin zituenetik. Hori dela eta, egitarau oparoa antolatu du ikastetxeko hezkuntza komunitateak mende erdiko ibilbidea ospatzeko.

Hiru ekitaldi nagusi prestatu dituzte. Maiatzaren 21ean egin zuten lehena: bisita gidatua burutu zuten ikastolak izandako kokalekuak ezagutzeko.

Jai nagusia, ekainaren 11n

Beste bi jarduerak datorren hilabetean egingo dituzte. Ekainaren 10ean ikasturte amaierako jaia izango dute ikastolan, 15:00etatik aurrera. Familia eta ikasleentzako programa izango da. Tailerrak, jolasak eta talentu-erakustaldia egingo dituzte, besteak beste. 

Hurrengo egunean, ekainaren 11n, izango da urtemuga ospatzeko jai nagusia. 50 urteko ibilbidean parte hartu duten guraso, ikasle eta langile guztiei bideratua egongo da. Denei aitortza eskainiko dien ekitaldia antolatuko dute horretarako.

Horrez gain, Batxilergoa amaitu duen promozioaren agur ekitaldiak bere tokia izango du programan, eta baita 30 urte bete duen promozioaren harrerak ere.

Bazkariaren txanda helduko da jarraian, ikasle ohi, langile ohi eta gaur egungo langileentzat. Aiaraldea Ekintzen Faktoria arduratuko da otordua prestatzeaz, tokiko elikagai ekologikoak baliatuta. Bi menu egongo dira aukeran: orojalea eta beganoa.

Tiketak Laudio Ikastolan bertan zein Haitzulo, Araba Garagardotegian eta Azoka tabernetan eskuratu ahalko dira, ekainaren 2ra arte. Laudion bizi ez direnek 94 672 67 37 telefonora deituta edo laudio@ikastola.eus helbidera idatzita erreserbatu ahalko dituzte txartelak. Eguna luzatzeko aukera egongo da gero, kantu eta dantzen bidez.

Bukatzeko, gogorarazi dute 50. urteurreneko kamisetak erosteko aukera egongo dela ikastolaren webgunean, ekainaren 2ra arte.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide