Berezia izan da Canneseko zinema jaialdia Esti Urresola Solaguren zinema zuzendariarentzat. Cuerdas filma laburra hautatu zuten finalisten artean, eta Rails d'Or saria eskuratu du aiaraldearrak. Ostegunean izan zen festibalaren sari banaketa. "Ederra izan da, oso pozik eta nekatuta itzuliko gara. Horrelako jaialdi batean parte hartzeak konpromiso asko eskatzen ditu, eta erabat aprobetxatu dugu bidaia: proiekzioa egin dugu, jende mordoa ezagutu dugu, elkarrizketa asko egin ditugu...".
"Ederra izan da, oso pozik eta nekatuta itzuliko gara. Horrelako jaialdi batean parte hartzeak konpromiso asko eskatzen ditu, eta erabat aprobetxatu dugu bidaia"
Asteartean eskaini zuten ikus-entzunezkoa, eta pozik azaldu da emaitzarekin Aiaraldeko sortzailea: "Oso harrera ona izan du lanak Cannesen, jende asko gerturatu zaigu hunkitu dela esanez, eta nola bizi izan duten kontatuz. Hori oso gozagarria da".
Jasotako sariaren garrantziaz ere mintzatu da Urresola Solaguren: "Oso berezia izan da jaialdia publikoaren saria izan daitekeen Rails d'Or sariarekin bukatzea, brotxe galanta bidaia honetarako".
Esti Urresola Solagurenekin batera, jaialdian izan dira ikus-entzunezkoan parte hartu duten zenbait emakume: "Arabako Foru Aldundiari esker egin ahal izan dugu bidaia. Gainera, emakumeen ordezkaritza txiki bat ekarri ahal izan dugu, abesbatzaren zati bat". Horiez gain, produktorea eta lantaldea ere izan dira Cannesen (Okzitania). "Oso polita izan da bidaia elkarrekin egitea, eta guztiok gozatu dugu asko. Pentsa, emakume horientzat ere zer den euren burua Cannesen ikustea", erantsi du zuzendariak. Bitxikeri gisa, Bilbotik Canneserako bidaia txikibusean egin dutela kontatu du.
"Oso harrera ona izan du filmak Cannesen, jende asko gerturatu zaigu hunkitu dela esanez"
Canneseko festibalari dagokionean, berezia egin zaio esperientzia Urresolari: "Zeharo goxo eta ondo tratatu gaituzte, zaintza handiarekin. Oso gertukoa izan da esperientzia, gizatiarra, Cannes instituzional horretatik harago".
Filmaren trailerra sarean dago ikusgai: