Josu Apraiz izan zen Euskadiko Txapelduna 5.000 metrotan

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 1a, 06:30

Podiumaren lehen postura igo zen Josu Apraiz. / Laudio Atletismo Kluba

Laudio Atletismo Klubeko hiru kirolari gehiago igo ziren podiumera larunbatean Durangon: Gaizka Jurado Berrocal, Tomas Laso Delafuente eta Edu Frutos Sobrino.

Josu Apraiz laudioarra Euskadiko txapelduna izan zen larunbatean Durangon, Master 40 kategorian, 5.000 metroko diziplinan. Garaipen horrekin, inoiz lortutako sailkapenik onena erdietsi du Apraizek, nahiz eta markaren aldetik -16:23:83- bere hirugarren markarik onena izan.

Apraizek azaldu dio Aiaraldea Komunikabideari 22 lasterkari batu zirela irteeran: "Guztiak ez ziren nire kategoriakoak. Izan ere, Master 35 eta Master 45ko korrikalariak ere bazeuden". Hasiera arraroa izan zen laudioarrarentzat, buruan jarri baitzen lehen unetik: "Beste batzuek marka onenak zituzten, baina rol hori eman zidaten. Eroso egon nintzen ardura horretan eta niretzat jasangarria zen erritmoa ezarri nuen".

Horrela igaro zituzten lehen hiru kilometroak, zortzi itzulitan zehar, inork ez baitzion erreleborik eman laudioarrari. 3 kilometro eta 400 metro bete ostean, marka onena zuen atletak bizkortu zuen abiadura eta atzean utzi zuen Apraiz. Azken kilometroan beste hiru parte-hartzailek gauza bera egin zuten. "Nik egin nuen saiakera jarraitzeko, baina ez nintzen gehiegi larritu, ez baitziren nire kategoriakoak", argitu du Laudio Atletismo Klubeko kideak.

Azkenean, Apraiz 5. zeharkatu zuen helmuga, baina lehena izan zen heltzen bere kategorian -Master 40-. Pozik bukatu zuen proba, iaz 3. sailkatu baitzen.

Laudioar gehiagok lortu zuten podiumera igotzea. Esaterako, goizean Gaizka Jurado Berrocal gazteak zilarrezko domina eskuratu zuen 500 metroko lasterketan. Sailkapen berarekin amaitu zuten Tomas Laso Delafuentek Master 55 kategorian eta Edu Frutos Sobrinok Master 55 kategorian, baina 1.500 metroko diziplinan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide