Amaren Etxeak beti eskaini izan dio edonori babesa eta ziurtasuna. Hain zuzen, hori da lortu nahi duena La Familia inventada kolektiboak. Horretarako proiektua sortu dute, eta Arabako ekintzaileen ideien lehiaketako finalera iristea lortu dute gainera: Gasteizko Europa Jauregian aurkeztu zuten egitasmoa gainontzeko proiektu hautatuekin batera. Ez dute saria lortu, baina helburuarekin eta proiektuarekin jarraitzeko konpromisoa berretsi dute sustatzaileek.
Emakumeen etxea baino gehiago
Izan ere, ‘Amaren Etxea’ zabaltzeko gogo bizia du Susanak, eta aurreratu duenez, hiru zutabe edo oinarri izango ditu: “Batetik, belaunaldiartekotasunerako topaleku izatea nahiko nuke, jendearen topalekua”. Bestetik, arreta zerbitzua eman nahiko luke, edozein emakumerentzako laguntza edo aholkularitza. Azkenik, behin-behinean etxebizitza premia duten emakumeentzat bizitoki puntuala jarri nahi du bertan. 2018an otu zitzaion ideia, eta tokia ere argi dauka: Gardeako apaiz etxea (Laudio).
Lau urte daramatzate proiektuarekin bueltaka. “25 urte baino gehiago egon da eraikin hori hutsik”, erantsi dute kideek. Jabetza, baina, Alokabiderena da
La Familia inventadakoen esanetan, lau urte daramatzate proiektuarekin bueltaka. “25 urte baino gehiago egon da eraikin hori hutsik”, erantsi dute kideek. Jabetza, baina, Alokabiderena da uneotan, eta eurekin harremanetan daude bideari segida emateko: “Posta elektronikoz bidali zizkiguten egin beharreko pausoak, eta eskaera aurkeztua dugu jada, erantzunaren zain gaude”.
Bien bitartean, proiektua ezagutarazteari ekin diote. Laudioko Udalarekin izan dira, eta, azpimarratu dutenez, “berdintasun zinegotzia Gasteizko lehiaketako aurkezpenera etorri zen babesa adieraztera”.
Apaiz etxea, ahizpen etxe
Gardeako elizaren aldamenean dago kokatua ‘Amaren Etxea’ bilakatu asmo duten gunea. Eraikinak bi solairu ditu: “Beheko solairuan bulego bat dago, eta sukaldea. Horrez gain, hiru logela eta komuna ere baditu”. Funtsean Arreta bulegoa, topalekua eta etxebizitza eskainiko ditu espazioak. “Emakume Etxe gisa ezagutzen ditugun proiektuen aldean, etxebizitza premia jakina eta behin-behinekoa duten emakumeei eman nahi diegu babeslekua”, erantsi du sustatzaileak.
“Emakume Etxe gisa ezagutzen ditugun proiektuen aldean, etxebizitza premia jakina eta behin-behinekoa duten emakumeei eman nahi diegu babeslekua”
Denbora luze darama proiektua mamitzen “eta etxe horren atzetik”. Izan ere, etxea erakutsi ziotenean, berehala ikusi zituzten jendartearen beharrezkotasuna eta aukera: “Horrenbeste gela ikusita, zoragarria iruditu zitzaidan eraikina, baita beste emakume batzuekin partekatzeko aukera ere”.
Emakumeentzako espazioa izatea nahi dute ‘Amaren Etxea’ La Familia inventadakoek. “Eta emakumeen artean egina. Gune eta espazio irekia izatea gustatuko litzaidake, edonola eta edonoiz etorrita ere, arreta eta babesa jasotzeko tokia. Kasu horretan ni izango nintzateke, gizarte hezitzailea gisa”.
Arazorik edo arrazoirik ez da beharko bertaratzeko, zehaztu duenez, “berdin du liburu bat idazteko 10 egunerako etxe bat behar izatea, edo banaketa zein bestelako prozesu mingarriren batean egotea”.
2018an jarri zituen lehen oinarriak: “Etxea ikustean piztu zitzaidan argia. Banatu egin nintzenean, jende asko etortzen zitzaidan galdezka edo laguntza eske; horregatik pentsatu nuen ideia bikaina zela Amaren Etxea”. Gainera, bultzatzailearen aburuz, Gardea auzoak zerbitzu mordoa ditu urrun bezain gertu, “inspirazio edo babesgune izateaz gain bi minutura denetarik dago, eta sekulako lasaitasuna dago era berean”.
Gauzak ondo bidean, Lanbideren baiezkoa jaso “eta ahal bezain pronto” jarri nahiko luke martxan gunea. “Drumgorri, Faktoria, Gardeako gizarte etxea… sarea zabaltzen joango gara, datozen emakumeei laguntzeko. Esaterako, Osakidetzatik ere hona gonbidatzea gustatuko litzaiguke: komunitatearekin elkarlanean komunitatearen proiektuak sustatzea”.
Aipamena, sari
Pozik jaso zuen La Familia inventadako Susanak Arabako ideien lehiaketan finalerako hautagai izatea, “saria anekdotikoa izan daiteke, edo akaso ateak irekiko dizkigu, nork daki. Jendearen interesa, behintzat, piztu du”. Gizonezkoak ere hurbildu zaizkio galdezka. “Mutilei bikote, arreba edo inguruko emakumeei babesa emateko espazioak errespetatzera dei egin genieke; ez ditugu gizonezkoak baztertu nahi”.
Alabaina, argi utzi du emakumeentzat soilik izango dela espazioa. Bidelagun gisa, baina, herritar orori luzatu dio ekimenarekin bat egiteko deia.
Zernahi gisaz, bakardadeari ateak itxi nahi dizkio ekimenaren bidez: “Bakardadea arazo handia da. Asko gaude ahizpatasun babes premian, edota kafe bat hartzeko gogotsu. Bakardadea pandemia ikusezina da, eta horren aurrean, ederra litzateke Amaren Etxeak irekitzea auzo edo herrietan”.
"Bakardadea pandemia ikusezina da, eta horren aurrean, ederra litzateke Amaren Etxeak irekitzea auzo edo herrietan”
Etorkizunari begira jarrita, Herrialde Katalanetara ere hedatu nahiko luke proiektua, Amaren Etxea diseinatzean ez baitu beste eredu edo erreferenterik topatu eta. Apaiz etxea ahizpen gune bilakatu artean, beraz, informazio gehiago eskuratu nahi duenarentzat postontzia izango du La Familia inventadak zabalik: amatxeagardea@gmail.com.