Hau da 10K lasterketaren lehen edizioa, baina ez da zerotik abiatuko, azalduko diguzu zergatik?
Berez, aurten izan beharko litzateke Josito Memorialaren VIII. edizioa, baina bertan behera utzi dugu omenduaren familiak eskatu digulako.
Oro har, ez da gehiegi aldatuko, ibilbidea salbu. Betikoa izango da, baina aldrebez beteko da. Horrek esan nahi du azkarrago egingo dela.
Zeintzuk dira zuretzat lasterketa honen ezaugarri nagusiak?
Espero dugu pandemiak kalterik sortu ez izana zaleen artean. Orain arte probaren ezaugarri nagusia zen Josito omentzea. Bera kirol herrikoiaren defendatzaile sutsua zen, zeinean edonork parte har dezakeen.
"COVID-19 birusaren kontrako protokolorik gabe egingo dugun lehenengo lasterketa izango da hau"
Horregatik hautatu genuen 10 kilometroko lasterketa egitea. Apur bat entrenatzen duen edonork bukatu dezake. Ibilbidea ordu eta erdian bete behar da, eta entrenatzen duen edozein egiteko gai da. Ez da beharrezkoa elitean egotea edo federatua izatea. Kirolaririk xumeena egin dezake.
Umeek ere parte har dezakete, ezta?
Bai, lasterketa nagusia hasi baino lehen, 10:00ak aldera, gazteentzako hiru lasterketa egingo ditugu: 0-7 urte bitartekoentzat, 7-9 urte bitartekoentzat eta 9-14 urte bitartekoentzat.
Zumalakarregitik Alberto Acero plazara joatea eta Zumalakarregira itzultzea proposatuko diegu. Gazteenek 300 metroko ibilbidea izango dute, eta besteek 1.200 metro eta 1.500 metro.
Bi urtez lasterketa ez da egin, zer esan dizue jendeak?
Guk sumatzen dugu jendea gogotsu dabilela, baina aldi berean zuhurtzia dago. Dena den, oso animatua dago jendea.
Zergatik aldatu duzue ibilbidearen norabidea?
Ez da bat-bateko erabakia izan. Laudion bi lasterketa zeuden, Herri Krosa eta Josito Memoriala. Biek zuten ibilbide bera, baina noranzko ezberdinean.
Herri Krosa antolatzeari utzi ziotenean, galdetu ziguten ea gu animatzen ginen antolatzen, ez galtzeko. Orduan, Laudio Atletismo Klubak ekin zion antolatzeari.
Guk ereduak aldatu nahi genituen, baina urteen poderioz egin dugu, pausoz pauso. Herri Krosa eraldatu genuen eta 5 Milia lasterketa sortu genuen, bestelako ibilbide batekin.
Orain jatorrizko ibilbide hori izango da 10K lasterketakoa, askoz azkarragoa.
"Josito Memorialaren ibilbide bera egingo du 10K Lasterketak, baina kontrako norabidean. Azkarragoa izango da"
Noiz arte egongo da aukera izena emateko?
Lasterketa ekainaren 5ean izango da eta izena emateko azken eguna ekainaren 3a (bihar) izango da.
Sari ugari banatuko dituzue?
Bai, lasterkari herrikoiek podiumera igotzeko aukera gehiago izan ditzaten. Horretarako, sari gehiago banatuko ditugu, 5 urteko kategoriak sortuta. Aitorpenak egongo dira irabazleentzat, tokiko korrikalari onenentzat, gizonezko zein emakumezkoentzat, 35 urtetik beherakoentzat, eta ondorengo urteen artekoentzat: 36-40, 41-45, 46-50, 51-55, 56-60, 61-65 eta 66 urtetik gorakoentzat.
Adina ez da arazoa, Fortunatok parte hartu du behin baino gehiagotan eta 80 urte baino gehiago ditu.
Pandemiaren kontrako neurririk hartu beharko duzue?
Ez, hau izango da antolatuko dugun lehen lasterketa COVIDaren kontrako planik behar ez duena.
Maskara ez da derrigorrezkoa eta egin diren azken lasterketetan norberak hartzen zuen ardura hori.
Urtarrilean Herri Krosean osatu genuen plana eta Eskola Krosean ere.
Ofizialki, Laudio Atletismo Taldean antolatzen ditugu Laudio Krosa, Herri Krosa, Eskola Krosa eta 10K. Horrez gain, Euskadiko Federazioak noizean behin eskatzen digu bestelako probak prestatzea.
Beste kluben laguntza behar duzue?
Zorionez, klubeko kideekin bakarrik nahikoa dugu. Boluntarioei esker da dena eta gogoko dut hori azpimarratzea. Ni banaiz lasterketen diseinatzailea, baina jendearen babesik gabe, ezinezkoa da. Are gehiago horrelako lasterketa batean.
Oso jendetsua izan ohi da lasterketa, ezta?
Bai, hirutan heldu gara mugara: 700 parte-hartzaile. V., VI. eta VII. edizioetan gertatu zen hori, hazten joan baita proba. Ume pilok ere ematen dute izena, 200 inguru.
Patinatzaileek ere aukera izango dute parte hartzeko, ezta?
Bai, duela bi edizio hasi ginen eta aurten ere egingo da. 10K lasterketako korrilakariak baino minutu apur bat lehenago aterako dira. Aurrekoan 50 patinatzailek parte hartu zuten eta muga 100 dira.