Ivanka antzezlana taularatu zuten atzo Piszifaktoria Ideien Laborategiko kideek Faktorian. Hainbat lagun bertaratu ziren obra ikustera. Irati Agirreazkuenaga Onaindia aktorea igo zen oholtzara, eta Mikel Ayllon Corral idazlea arduratu zen argiteriaz. Solasaldia eskaini zuten jarraian, obraren gaineko galdera, duda eta inpresioak jasotzeko.
Gentrifikazioa, indarkeria matxista, zaintza sistemaren krisia eta beste hainbat gai landu zituzten obran, Ivanka protagonistaren ahotsa baliatuta
Ekialdetik iritsitako immigrante pobre baten istorioa gorpuztu zuten Piszifaktoria taldeko kideek, jada "etxeko marka" bilakatu zuten formula baliatuta: kaskoak eman zizkieten ikusleei. Gailu horiek baliatuta entzun ahal izan zuten narrazioa, Igor Arzuaga musikariak osatutako soinu bandarekin batera. Gentrifikazioa, indarkeria matxista, zaintza sistemaren krisia eta beste hainbat gai landu zituzten obran, Ivanka protagonistaren ahotsa baliatuta.
"Duela gutxi gazteekin izan genuen solasaldi batean aipatu genuen Tik-Tokak, adibidez, oso gauza kutrea direla, jendeak bere burua grabatzen duelako musikak jada esaten duen hori egiten", azaldu zuen Ayllonek solasaldian, "guk gauza ezberdin bat egin dugu: irudia alde batetik doa eta soinua bestetik. Istorio bera kontatzen dute, baina ez modu berean".
Proiektu eta errekonozimendu gehiago
Bi sortzaileak oso pozik azaldu ziren orain arte eginiko ibilbidearekin, eta duela gutxi jaso duten albiste pozgarri baten berri ere eman zuten. Karrikan programaren laguntza jaso zuten Euri tanta bat gehiago proiektua aurrera eramateko. Arabako lehen konpainia dira errekonozimendu hori jasotzen. "Sari horri esker, jada lotuta ditugu obra berri hori 2023an aurkezteko emanaldiak, Euskal Herriko kale antzerki jaialdi garrantzitsuenetan", nabarmendu zuten.