Lezeaga Aretoa aurkeztu dute, emakumeen ahalduntzerako espazio berria

Izar Mendiguren Cosgaya 2022ko eka. 7a, 13:21

Loli Muriel Gizarte garapenerako zinegotzia, Lezeaga Aretoa kokatuko duten gunean. / Laudioko Udala

Gaur goizean aurkeztu dute Lezeaga Aretoaren proiektua. Lehengo Jubilatuen Klubean zegoen lokalean  egongo da kokatuta zentroa. Udazkenean ahalduntze eskola abiatuko dute bertan, iragarri dutenez.

Ugarte auzoan kokatuko du Laudioko Udalak emakumeei bideratutako espazioa. Lezeaga Aretoa izena jarri diote, eta udazkenean irekiko dituzte ateak. Izan ere, prestaketa lanetan ari dira oraindik. Gaur goizean aurkeztu dute tokia, eta hiru helburu izango dituela adierazi du Loli Muriel Gizarte Garapeneko zinegotziak: "Emakumeen autonomia bultzatzea, dauden desberdintasunez jabetzea eta berdintasunaren alde lan egiteko beharraren barneraketa sustatzea". Granjabide kaleko 17. zenbakian dago gunea,  orain arte Jubilatuen Kluba egondako tokian.

"Historikoki, sorginak, sistema patriarkalean ezarritako eredutik aldentzen ziren emakume ausart, errebelde, autonomo, jakintsu, askeen... sinboloa izan dira. Horregatik oso izen egokia iruditzen zaigu”

Aurki egingo dute erabilera araudia, eta ondoren zehaztuko dituzte ordutegi eta sarbide baldintzak, besteak beste. Lezeaga Aretoa izendatzeko arrazoiak azaldu dituzte: "Historikoki, sorginak, sistema patriarkalean ezarritako eredutik aldentzen ziren emakume ausart, errebelde, autonomo, jakintsu, askeen... sinboloa izan dira. Horregatik guztiagatik, Laudioko emakumeentzako hausnarketarako, hazkunderako eta topaketarako lekua definitzeko oso izen egokia iruditzen zaigu”.

Bi deialdi

Espazioa aurkeztearekin batera, Udalak bi deialdi luzatu ditu. Batetik, emakumeen ahalduntze soziala sustatzeko osatuko duten Laudioko Emakumeen Talde Eragilean parte hartzekoa. "Emakume feministen elkarteek eta kolektiboek ere tokia izango dute bertan", erantsi dute, "talde eragilearen bidez udal administrazioak proiektu estrategikoak zehaztu nahi ditu, emakumeen kontseilu parte hartzailea, besteak beste".

"Laudioko Emakumeen talde Eragilearen bidez udal administrazioak proiektu estrategikoak zehaztu nahi ditu, emakumeen kontseilu parte hartzailea besteak beste"

Bestetik, ekainaren 25ean, 10:00etan, 27an 11:00etan eta 28an 17:00etan hormairudi baten margoketara gonbidatu dituzte laudioarrak. Irudia Aiala Gaztelumendi ilustratzaileak prestatu du, Lezeaga Aretoa ezaugarritzeko: "Lezeagaren historiari omenaldia egitea bilatzen du, gure arbasoei eta egungo emakumeen borroka feministari erreferentzia eginez". Alabaina, 8 pertsonako muga izango du ekimenak. Hargatik, interesdunek berdintasuna@laudio.eus helbide elektronikoan eman beharko dute izena, edota 94 403 4855 telefono zenbakira deitu.

Horrez gain,  Loli Muriel berdintasun zinegotziak aurreratu duenez, udazkenean abiatuko dute Laudioko emakumeentzako ahalduntze eskola. Lezeaga Aretoan izango dira programatutako ekitaldi gehienak: "Emakumeen ahalduntze indibiduala eta kolektiboa sustatzeko ilusioz eta udalerriko emakumeekin elkarreraginean aritzeko hainbat formula aktibatzeko gogoz gaude".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide