Kulturzaleak elkarteak kritikatu du Gaztetxea husteko agindua eta exijitu du Kultura Etxea berehala irekitzea

Aitor Aspuru Saez 2022ko eka. 9a, 07:20

Kulturzaleak taldeko zenbait kide./ Aiaraldea

Kulturzaleak elkarteak babestu egin  du Laudioko Gazte Asanbladak Gaztetxea ireki izana, eta aldarrikatu du herriko Kultura Etxeko talde guztiek aukera izan beharko luketela eraikina erabiltzeko. Zentzu horretan, Arabako Foru Aldundiari exijitu diote urratsak egitea horretarako.

Kulturzaleak elkarteak oharra zabaldu du Laudioko Gaztetxea husteko erabakiaren harira. Egoera hori Kultura Etxeko jarduera orokorrarekin lotu du, eta kritikatu du eraikinak hiru urte bete dituela itxita, "denbora honetan guztietan askotan salatu dugun arduradun bakar eta argi batekin: Aldundiak zaharberritze-lanei aurre egiteko modua". Aipatu dutenez, Aldundiak erabaki zuen kultur ehunaren eskaerei jaramonik ez egitea eta faseka jarduteko aukera baztertzea. Kulturzaleak elkartearen iritziz, horrek bermatu zezakeen taldeak txandakatzea eta hainbat gunetan antolatzea, inor lokalik gabe geratu gabe. "Taldeen jarduera ia 3 urtez geldiarazi edo oztopatu izanak ezinegon handia sortu du kulturako pertsona askorengan; izan ere, bizitza bilatu behar izan dute, beren jarduerari nekez eusteko, oso modu prekarioan eta erakundeen babes eskasarekin", erantsi dute.

Zentzu horretan zilegitzat jo du Gazte Asanbladaren ekimena Gaztetxea berriro irekitzeko: "Zenbait taldek, hala nola Gaztetxeak , (lokalaren ezugarriak direla-eta, obrek eragin txikiagoa izan dutelako eta kanpotik zuzeneko sarbidea dutelako) euren lokalera berriro sartzea erabaki zuten birgaitze-lanak gutxienez urtebete barru hasiko direla ikusi baitzuten, eta bitartean lokala guztiz erabiltzeko modukoa zela kontuan hartuta."

Kulturzaleak elkarteak kritikatu egin du Arabako Foru Aldundiak hiru urtez itxi izana Kultura Etxeko obren harira; eta exijitu du faseka egitea lanak, eraikinean lokalak dituzten taldeek euren jarduera gauzatu dezaten

Egoeraren arduraduna elkartearen ustez, Arabako Foru Aldundia da, baina tokiko erakundea ere kritikatu du taldeak: "Udalak, ehun sozio-kulturala defendatu eta Aldundiari lokalak behin-behinean gaitzeko eskatu beharrean, administrazio-bidea erabiltzen du".

Erakundeei eskaera

Gauzak horrela, Kulturzaleak osatzen duten kideek eskaera egin diete instituzioei: "Foru Aldundiari eta Udalari eskatzen diegu edozein talde sozio-kulturalen hutsarazpena geldiarazteko, eta berehala Kultur Etxean ahalik eta espazio gehien aldi baterako gaitzeko, kultur talde guztiei beren jarduerak garatzeko lokal bat bermatzeko, eta kultura elkarlana eta topagune moduan funtzionatzeko lokal iraunkorrak ere erabilgarri uzteko, hori guztia elkarrekin adostuta. Era berean,  Laudiok Aldundiari eska diezaiola egiteke dauden obrei faseka aurre egin diezaiela nahi dugu, talde guztiek arazorik gabe jardun ahal izan dezaten, Euskaltegiarekin egin zen bezala."

Bestalako kultura eredua

Azkenik, elkarteak aldarrikatu du kultura kudeatzeko eredu berria beharrezkoa dela herrian: "Kulturzaleok etorkizun modernoko eta parte-hartzaileko beste kultura-eredu bat dugu amets, eta litekeena da gaur egun dauden gauza asko aldatu behar izatea. Baina beti esan dugu aldaketa horiek inplikatuen adostasunaren eta akordioaren ondorio izan behar dutela, bakoitzak garatzen duen jarduerarekiko errespetuaren ondorio, eta inoiz ez inposaketaren ondorio."

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide