Kultur sorkuntza Aiaraldean

Kimuak katalogoan sartu dute Esti Urresolaren 'Cuerdas' film laburra

Aimar Gutierrez Bidarte 2022ko eka. 10a, 14:24

Canneseko jaialdian 'Le Rails d’or' saria jaso berri duen Esti Urresolaren Cuerdas lana, Kimuak Euskadiko film-laburren katalogoan sartzeko hautatu dute orain. Aitortza horrek bide emango dio zuzendariaren lanari nazioarteko jaialdian zabaltzeko.

Euskadiko film laburren katalogora gehitu dute Esti Urresolaren Cuerdas lana. Canneseko zinema jaialdian 'Le Rails d’or' saria jaso berri du zuzendari laudioarraren bosgarren lanak, eta aitortza honek aipamen berri gehiagoren atarian jarri dezake film laburra. Izan ere, Euskal Herrian urtero ekoiztutako lanen aukeraketa da Kimuak katalogoa, lan hauek guztiak "nazioarteko ikusleen eskura jarri, eta zinemaldi nagusietan eta ikus-entzunezko ekitaldietan sustatu eta banatzeko".

Aurtengo aukeraketara 75 lan aurkeztu dira, eta 7 hautatu dituzte. Urresolaren Cuerdas film laburrarekin batera, Irati Gorostidiren Contadores, Maider Fernandezen Fe, Ainhoa Olaso eta Enara Garciaren Hemen bizi da maitasuna, Lur Olaizolaren Hirugarren koadernoa, Maider Oleagaren Irrits eta Aitzol Saratxagaren Lanbroa filmak ere hautatu dituzte.

Hauek izan dira 2022ko Kimuak edizioaren epaimahaikideak: Maria del Puy Alvarado ekoizle, gidoilari eta irakaslea; Alejandro Díaz Castaño Gijóngo FICX nazioarteko zinema jaialdiaren zuzendaria; Vanesa Fernandez Zinebi Bilboko film laburren eta zinema dokumentalen nazioarteko jaialdiaren zuzendaria; Iñaki Lazkano Euskal Herriko Unibertsitateko irakasle eta ikertzailea eta Javier Ocaña zinema kritikari eta idazlea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide