Maiatzaren amaieran atera zen albistea: uztailetik aurrera ezingo da Laudioalde aretoa erabili asteburuetako zinema eskaintzeko, ikastetxeak ikasgelak atondu nahi dituelako espazio horretan.
Gai horri lotutako prentsa oharra zabaldu du EH Bilduk. “Alternatibak” bilatzea eta “baliabideetan inbertitzea” eskatu dio opozisioko taldeak udal gobernuari, eta nabarmendu du tokiko erakundeak duela urtebetetik dakiela aretoa itxiko dela. Gauzak hala, “planifikazio eza” leporatu die talde politikoak EAJ eta PSE-EEri.
“Kultura suspertzeko azpiegiturarik eta espazio fisikorik gabe geratzen ari gara herrian”, ohartarazi du Nagore Gomara zinegotziak, “gobernuan EAJ-PSEk 3 urte eman ondoren ere, ez dakigu oraindik noiz hasiko ziren antzokiko obrak, eta Arabako Foru Aldunditik jakin izan dugunaren arabera, Kultur etxeko obrak 2023ko martxotik aurrera hasi ahal izatea espero da”.