Urte amaieran hasi nahi dituzte Laudioko antzokia eraikitzeko obrak, 2024an amaitzeko

Txabi Alvarado Bañares 2022ko eka. 16a, 19:22

2,5 milioi euroko finantziazioa jasoko du Udalak proiektua egikaritzeko, Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren eskutik. 

2024. urtean irekiko ditu ateak ‘Leku’ espazioak, Laudioko ekintza eta kultur guneak. Izen hori jarri diote Latiorro auzoan eraikiko duten antzokiari. Gaur egin dute egitasmoa aurkezteko prentsaurrekoa, eta bihar onartuko dute obren esleipenaren abiatzea Tokiko Gobernu Batzordean. 

Ander Añibarro alkateak, Ramiro Gonzalez Ahaldun Nagusiak eta Bigen Zupiria Kultur eta Hizkuntz politika sailburuak hartu dute hitza agerraldian, eta antzokiari lotutako datu garrantzitsuenak aletu dituzte.

Obrak 5.180.863,11 euroko kostua izango du (BEZa barne). Udalak jarriko du diruaren erdia baino apur bat gehiago. Arabako Foru Aldundiak 2 milioi euro jarriko ditu eta Jaurlaritzak, aldiz, 500.000 euro. 

Epeei dagokionez, Añibarrok adierazi du obrak aurten hastea espero dutela, eta 24 hilabeteko epean amaituko dira, 2024. urterako. Alkateak “mugarri garrantzitsutzat” jo du emanadako urratsa, Laudioko herritarrekin aspalditik zegoen zorra kitatzeko balioko duelako. 

5.180.863,11 euroko bideratuko dituzte obretara. Aldundiak 2 milioi euro jarriko ditu. Jaurlaritzak, aldiz, 500.000 euro

Ramiro Gonzalezek ere oso garrantzitsutzat jo du emandako albistea. “Azken urteetan bizitako gorabeherek erabakiak hartzea eta azpiegitura honetara dirua bideratzea zaildu dute, baina uste dugu badela Aiaraldearen alde apustua egiteko garaia”. Eskualdea ekonomikoki suspertzeko plana izan du hizpide Ahaldun Nagusiak, eta Laudion eginiko beste inbertsioak ere aipatu ditu: Lamuza parkean eginiko obrak edota hilabete hasieran irekitako egoitza berria, kasu.

Foru Aldundiko buruaren ustez, antzokia azpiegitura aproposa izango da baita “eskualdeko mugimendu sozialentzako eta industriarentzako” ere, "kongresuak edo bestelako ekitaldi jendetsuak" antolatzeko balioko duelako.

Arabako Foru Aldundiak aste honetan onartu du 2 milioi euroko laguntza ematea, 2022, 2023 eta 2024 urteetan banatuta. Eusko Jaurlaritzak, aldiz, datorren astearteko gobernu batzordean onartuko du 500.000 euroko transferentzia egitea, Zupiriak aurreratu duenez. Sailburuak nabarmendu du inbertsio hori Aiaraldea ekonomikoki suspertzeko inbertsio planaren barruan dagoela. “28 milioi euro bideratuko dira guztira plan horretara”, gogorarazi du Jaurlaritzako ordezkariak. 

Alkateak aurreratu du beste kultur espazio bat aurkeztuko dutela laster

“Laudion badaude espazioak”

Gaur egungo kultur espazioen gabeziez galdetuta, Añibarrok ziurtatu badaudela azpiegiturak. “Askotan esaten da ez dagoela espaziorik eta jendeak ez duela biltzeko tokirik, eta hori gezurra da. Espazioa eskatu duen talde orori eman zaio bat”, nabarmendu du alkateak, “ez ditugu nahiko genituzkeen espazio guztiak, noski. Baina hori horrela da gune asko obretan daudelako, eta horiek birgaitzeko ahalegin handia egiten ari delako”.  

Horri lotuta, alkateak aurreratu du laster beste kultur espazio bat aurkeztuko dutela, baina ez du informazio gehiagorik eman.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide