Bost astez egon da Iosu Vaquerizo Estatu Batuetan, zinema jaialdi bitan parte hartu baitu. Lehenengo lehiaketan, Tennesseko Chatanooga Underground jaialdia, bi sari eskuratu ditu egileak, Life in the XXI Century pelikulari esker. Egitasmo hori beldurrezko zinemari buruzkoa da. "Nahiz eta zehazki nire filma beldurrezkoa ez izan, oso harrera ona izan zuen", adierazi du egileak. Ez dira horiek izan, dena den, jaso dituen lehengo aitorpenak.
Behin hori erdietsita, laudioarra bidaia luze batean sartu zen buru-belarri eta herrialdea trenez zeharkatu zuen Kaliforniara heldu arte. Han, Mammoth Lakeko jaialdian egon zen eta, saririk jaso ez zuen arren, oso pozik bukatu zuen bere parte hartzearekin. Besteak beste, horrek ahalbidetu dio zenbait harreman egitea bere hurrengo proiektuentzako finantzazioa lortzeari begira.
Gauzak horrela, Vakerizzo Oslora itzuliko da laster eta handik litekeena da Ingalaterrara joatea berriro bizitzer (zinema ikasi zuen han eta hainbat urtez bizi izan zen). Film labur baten azkenengo pasarteak grabatu behar ditu eta gero jaialdietara bidaliko du lana.
Horrez gain, hiru pelikula luzeren proiektuak ditu esku artean. Bere ustez, baterako finantzazioa lortzea ez litzateke hain zaila izan behar: "Badago film esperimental bat, Org da bere izenburua, zeinean Terrence Hill antzezlea agertzen den. Eta ez hori bakarrik, pelikularen ekoizlea ere izan zen. Oso film arraroa da, hiru ordukoa, eta 12 urte behar izan zituzten amaitzeko. Oso ezezaguna da. Nik behintzat horri buruz gehiago jakin nahi dut, eta aintzat hartuta zuzendaria hil dela jadanik, informazioa eskuratzeko Terrence Hill berarekin hitz egin beharko nuke".