Nobel Run jokoa sortu duzue, baina gauza asko daude horren atzean, ez?
Bai. Joko hau Gearing Roles proiektuaren barruan sortu da. Europar Batasunaren proiektua da, helburu duena unibertsitateetan berdintasun planak ezartzea. Gure helburua egitasmoaren barruan zen zientziaren barruan dauden rolak aldatzea.
Azken finean, emakumeok rol batzuk hartzen ditugu beti akademian zein akdemiatik kanpo. 'Etxeko lana', adibidez, gure gain erortzen da: emakumeak gara beti ikasleengana hurbiltzen garenak, tutore lanetan aritzen garenak… zaintzari lotutako rolak egokitzen dizkigute.
Joera dago baita ere zientzia “gogorretan” (ingeniaritzak, adibidez) gizonak soilik egoteko, eta gizarte zientzietan emakumeak. Gauzak hala, rol horiek aldatzea genuen helburu, beste erreferentzia batzuk sortzeko eta, modu horretan, joera aldatzeko.
Nazioarteko 10 erakunderen artean garatu dugu proiektua. Horietako 6 unibertsitateak dira. Beste laurek, aldiz, aholkuak eta babesa ematen dituzte: unibertsitate bat, ahokularitza erakunde bat, Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa eta proiektuaren komunikazioaz arduratzen den beste erakunde bat.
Erakunde bakoitzak ekimen bat sortu du proiektua jendarteratzeko. Deustun zer egin pentsatzen geundela, Lorena Fernandez niregana etorri zen. Unibertsitateko identitate digitalaren zuzendaria da, eta berak proposatu zidan jokoa sortzea. Berak eta Pablo Garaizarrek bazuten esperientzia jokoak garatzen, honakoa ez baita Pablok garatu duen gisa honetako lehen egitasmoa, baina bai generoaren alorrera lotuta egin duen lehena. Nik berehala esan nien baietz, oso ideia polita iruditu zitzaidalako.
Jokoaren helburua zen islatzea zer nolako zailtasunak ditugun emakume zientzialariok gure karrera egiterako orduan. Horretarako, akademiko ospetsu batzuen istorioak hartu genituen. Jokoaren dossierrean agertzen dira. Informazio horretan oinarrituta sortu ditugu jokoaren kartak. Nobela irabaztea da jokalarien helburua, baina dituzun karten arabera sariak jaso edo puntuak galdu ditzakezu.
Ez da joko konplexua. Akademikoa ez bazara baliteke ez jakitea zer den 'post-doc' bat edo 'senior researcher' bat. Baina oso ondo azalduta dago argibideetan.
“Zientzian dauden genero rolak aldatzea da gure proiektuaren helburua”
Jokoaren helburua orduan, zein da, emakume zientzilarien papera aldarrikatzea edo bistaratzea zer nolako trabak dituzten emakumeek esparru horretan?
Bi gauzak eta, horrez gain, rolak aldatzen saiatu gara. Badaude zaintzari lotutako kartak. Normalean emakumeek hartzen dituzte zaintzari lotutako bajak, baina guk gizon bat jarri dugu karta horretan, aldarrikatzeko gizonek ere hartu ditzaketela bajak etxeko lan horiek egiteko.
Intersekzionalitatea ere landu dugu. Jatorri guztietako pertsonak barnebiltzen saiatu gara. Asko pentsatu ditugu jokoaren alor guztiak.
Zein izan da zure egitekoa proiektuan?
Ni proiektu orokorraren kudeatzailea nintzen, Deustun zein nazioartean, eta dirua bilatu nuen jokoa finantzatzeko. Baina, lana, berez, Pablok eta Lorenak egin dute. Iñigo Maestrok, aldiz, marrazkiak eta diseinuak egin ditu.
Kudeaketa ez da erraza izan. Ez genuen diru askorik proiektua garatzeko. Horregatik, crowfunding bat egin genuen dirua biltzeko, eta arrakasta itzela izan zuen. Horregatik erabaki zuen Tranjis Gamesek jokoa erostea. Enpresa horrek banaketa zabala egin du, eta iragan astean Espainiako Estatuko hirugarren mahai jokorik salduena izan zen.
Hori oso garrantzitsua izan da guretzat. Unibertsitatetik askotan zaila suertatzen zaigu publiko orokorrarekin harremantzea, eta jokoa sortzea oso aproposa izan da horretarako. Lau urtetik gorakoentzako da, gainera.
Nik bi seme-alaba ditut, eta beti esaten didate ez dutela ulertzen zertan egiten dudan lan. Joko honek balio du hori modu errazean azaltzeko, eta baita emakumeok gure bidean ditugun zailtasunak bistaratzeko ere, ez baikara lehenak izan oztopoak izaten eta, zoritxarrez ez gara azkenak izango.
Aipatu duzunez, proiektu globalago baten parte da jokoa. Zein fasetan dago egitasmo orokorra?
Amaitzear dago. Lau urtez aritu gara lanean eta aurten amaituko dugu. Oso proiektu berezi eta garrantzitsua izan da guretzat. Deustu jesuiten unibertsitatea da, eta genero gaiak lantzea ez da erraza horrelako testuinguruetan. Berdintasun planak ezartzea izan da helburu nagusia.
“Emakumeak gara beti ikasleengana hurbiltzen garenak, tutore lanetan aritzen garenak… zaintzari lotutako rolak egokitzen dizkigute”
Zer nolako prozesua izan da?
Oso polita eta oso zaila. Sekulako lana egin genuen proiektua aurrera atera zedin. Europako egitasmoak ez dira lortzen bat ere errazak. Gu lau aldiz saiatu ginen. Baina gure arteko harremana sendotu egin da proiektuari esker.
15-20 kidek inguruk osatzen dugu Deustuko lan- taldea, eta guztiak ez gara emakumeak. Badaude gizonak, eta hori ere oso garrantzitsua da. Talde-motore horrek bultzatu du prozesua, baina egon da talde zabalagoa ere. Unibertsitateko profil guztiak gonbidatu genituen bertan parte hartzera: errektorea, errektoreordeak, dekanoak, administrariak, ikasleak, irakasleak… talde zabal horretan egondako pertsonek ere nabaritu dute prozesuak izandako eragina. Babes garrantzitsua izan da guretzat, eta asko aurreratzea ahalbidetu digu.
Oztopoekin ere egin dugu topo, noski. Oso nabariak dira alor honetan dauden erresistentziak. Gure helburuen artean zegoen, adibidez, lidergo postuetan emakumeak sartzea, eta horretan oso gutxi aurreratu dugu. Zuzendari batzordean eta errektorearen taldean emakume gutxi daude oraindik ere, aurrerapausoak eman diren arren.
Bestelako oztopoak ere izan ditugu. Batzutan pentsatzen da “feminismo instituzionala” ez dela benetako feminismoa. Kanpoan daudenak pentsatzen dute gure lana erraza dela eta, zentzu batean, moldatu garela. Baina, gure ustez, egiten ari garena barrutik gauzak aldatzea da, edo horretan saiatzen gara behintzat.
Hori oso etsigarria izan da askotan, kanpotik sumatzen delako oso gutxi egiten ari garela, eta goitik ikusten delako gu ere bultatzen ari garela. ʻSandwich’ batean egongo bagina bezala sentitu gara batzuetan. Baina orokorrean uste dut oso pozik gaudela eta Europar Batzordeak gure lana aitortu duela. Gure proiektua aitortu zuten iaz, eta hor eragin handia izan du jokoa egin izanak. Europar batzordea oso pozik dago proiektu horrekin.
Askotan entzuten dugu berdintasunari lotutako kontu guztiak konponduta daudela, baina ikusten dugu ez dela horrela. Joko batekin askoz errazago da hori jendarteratzea.
“Batzutan pentsatzen da “feminismo instituzionala” ez dela benetako feminismoa. Kanpoan daudenak pentsatzen dute gure lana erraza dela eta, zentzu batean, moldatu garela. Baina, gure ustez, egiten ari garena barrutik gauzak aldatzea da, edo horretan saiatzen gara behintzat”
Nori dago bideratuta mahai-jokoa?
Profil guztietara bideratu daiteke, jokoa erabiltzeko moduaren arabera. Guk hainbat eratan erabili dugu. Partidak egin ditugu unibertsitateko ikasleen artean, ikusi dezaten zer nolako zailtasunak ditugun beste aldean gaudenok.
Gure umeekin ere jokatu dugu, eta polita izan da eurei erakustea zer nolako bizitza dugun eta zer nolako zailtasunak ditugun. Oso ondo funtzionatzen ari da eta oso prozesu parte hartzailea izan da.
Pablok, Lorenak eta Iñigok egin dute lan handiena, baina laguntza eskatu dugu hainbat gauzetarako: argibideak eta liburua hainbat hizkuntzara itzultzeko, adibidez. Hasieratik genuen argi jokoa hainbat hizkuntzatan zabaldu nahi genuela. Gauzak hala, une honetan jokoa euskaraz, ingeleraz, italieraz edota alemanieraz jokatu daiteke. Elkarlan prozesu polita izan da hori.
Behin proiektua amaituta, zer nolako etorkizuna ikusten diezu orain arte garatutako berdintasun politikei? Badago plana kaxoi batean gordeta geratzeko arriskua? Edo, kontrara, aldaketa batzuk geratzeko etorri direlakoan zaude?
Oso galdera ona da hori. Proiektua aurten amaituko da, baina berdintasun plana ezin da amaitu, unibertsitateak horrelako plan bat izan behar duelako legez.
Zer nolakoa izango da plan hori? Hor dago gakoa. Guk bultzatu duguna anbizio handikoa izan da. Hainbat gauza aldatu nahi genituen unibertsitatearen barruan. Guk bultzatu ditugu aldaketa horiek, proiektua baliatuta.
Proiektua amaitzean zer gertatuko den ikusteke dago, baina nik uste dut aldaketa batzuk geratuko direla. Errektorea nahiko hurbil egon da. Egin ditugun batzar guztietara bertaratu da, eta hori ez zen erraza proiektua garatu baino lehen. Uste dut orain nabaritu duela zer nolako garrantzia duen berdintasun planak.
Ikerlarien eta irakasleen artean ere egin ditugu bestelako ekintza batzuk. Gida batzuk sortu ditugu genero berdintasun ikasgaietan eta ikerkuntzetan txertatzeko. Oso harrera ona izan dute dokumentu horiek, eta hori ere uste dut oraindik eragina izango duela.
“Gida batzuk sortu ditugu genero berdintasun ikasgaietan eta ikerkuntzetan txertatzeko, eta oso harrera ona izan dute”
Gero badaude beste gauza batzuk zailak izaten jarraituko dutenak. Adibidez, guretzat oso zaila izan da sindikatuekin izan dugun harremana. Guk espero genuen bidelagunak izatea eta justu kontrakoa izan da.
Sindikatuen rola oso negatiboa izan da guretzat. Dugun arau-testuinguruan botere handia ematen die sindikatuei, eta ikustear dago nola erabiliko dute botere hori. Ez da gauza bera berdintasun plan bat egitea unibertsitate batean edo ohiko enpresa batean.
Guk hezkuntzarako bidea erakutsi behar dugu, eta gure berdintasun planak ezaugarri zehatz batzuk izan behar ditu hori lortzera bidean. Sindikatuek ez dute hori ikusten. Hori izan da prozesuaren alde zailena.
Zergatik izan da zaila hori?
Alde batetik, sindikatuek bakarrik ikusten zuten lan baldintzei lotutako gauzak lantzea. Hori garrantzitsua da, noski, baina ez da landu behar den gauza bakarra. Bestetik, prozesua baliatu dute unibertsitatetik presioa egiteko.
Guretzat gogorra izan da plana baliatzea beste gai batzuen gaineko presioa egiteko. Gu erdian egon gara: unibertsitateak langileen aldeko ikusten gintuen. Sindikatuek, aldiz, unibertsitatearen parte bezala identifikatzen gintuzten. Oso gogorra izan da.
Dena den, aipatu duzunez, pena merezi izan du lau urteko prozesu honetan murgiltzea.
Bai. Lanaren azken fasea geratzen zaigu orain: landu ditugun gaiak argitaratu eta jendarteratzea, eta prozesua ixtea. Hori ere zaila izango da, aferak duen garrantzia ondo azaltzea. Hori da orain dugun erronka.
Oso bide bizia izan da, eta uste dut tarte bat behar dugula talde moduan ere prozesua ixteko. Taldean gauden guztiak gara feministak eta jarraituko dugu gaia jorratzen, baina lau urteko prozesu honek behar du itxiera polita, eta horretarako ekimen polita egingo dugu Bruselan, Europar Batzordean.
Umorea ere baliatzen hasi gara, biñeta feministak edota bakarrizketak baliatuta. Horri lotuta sortu dugun lana aurkeztuko dugu Europan, proiektua umorez ixteko. Batzuetan akademia eta unibertsitatea oso kontu seriotzat hartzen da, eta guk umorea jarri nahi diogu, badaudelako gai batzuk zeintzuei aproposa da umorez erantzutea.
Norbaitek txiste matxista bat egiten badu, adibidez, ezin diozu argudio akademikoak baliatuta erantzun, umorez erantzun behar diozu, ze gainera beti esaten dute feministak ez garela barregarriak… horregatik hasi ginen gai hori lantzen, proiektua umore onez amaitzeko.